Udal hauteskundeak 2015

Zer gertatuko da Durangoko Amankomunazgoan?

Anboto 2015ko mai. 25a, 11:12

Astolako Amankomunazgoaren egoitzan, pleno bateko irudia

Udal hauteskundeetan boto kopuruari dagokionez EAJk irabazi du. Hala ere, Amankomunazgoaren eraketan EH Bilduk 13 ordezkari izango ditu, EAJk 11, Abadiñoko Independienteek 2 eta Durangoko Herriaren Eskubidea tadeak bat. Jose Luis Navarro buru duen talde independenteak, orain lau urte moduan, beraien bi eserlekuak jeltzaleen esku uzten badituzte, Amankomunazgoan gobernura heltzeko giltza Herriaren Eskubidea taldeak (Podemos) izan dezake. Izan ere, Herriaren Eskubidea alderdiak hiru zinegotzi eskuratu ditu Durangon, eta horrek Amankomunazgoan eserleku bat ziurtatu die. Aukera guztiak zabalik daude.

 

EH Bilduk Durangaldean espero zituen emaitzak jaso ez arren, Amankomunazgoan izan dezake gobernura heltzeko aukera. Boto kopuruan EAJ garaile izan den arren, Amankomunazgoaren eraketa antolatzeko legearen ondorioz, EH Bilduk ordezkari gehiago izango lituzke. EH Bilduk 13 ordezkari izango ditu, EAJk 11, Abadiñoko Independienteek 2 eta Durangoko Herriaren Eskubidea (Podemos) taldeak bat. EH Bildu eta EAJ AI eta Herriaren Eskubidearekin akordioetara heltzeko gai izango dira?

Orain lau urte, Abadiñoko Independienteek zituzten bi eserlekuak jeltzaleen esku utzi zituzten, Abadiñoko EAJk independienteen alkatetza babestearen truke. Berdinketara heldu ziren EH Bildu eta EAJ. PSE-EEko Fernando Castillo izan zen momentu hartan berdinketa hautsi zuena EAJko Oskar Zarrabeitiaren alde eginez. Ikusteko dago, lau urte beranduago EAJ eta AIren arteko akordioa mantenduko duten. Oraingo honetan, Herriaren Eskubideak izango luke Amankomunazgoaren gobernura heltzeko giltza, aurreko aldian sozialistek izan zuten bezala.

 

Zelan eratzen da Durangoko Amankomunazgoa?

Amankomunazgoa 8 herritako 26 ordezkarik osatzen dute.

Durangok 6 ordezkari izango ditu:

EAJ 3

EH Bildu 2

Podemos 1

 

Abadiñok eta Elorriok launa ordezkari:
Elorrion  EH Bildu: 2 eta  EAJ: 2
Abadiñon  AI: 2 eta  EH Bildu: 2

Zaldibarrek eta Iurretak hiruna ordezkari:
Zaldibarren EH Bildu: 2 eta EAJ: 1
Iurretan EAJ: 2 eta  EH Bildu: 1

Atxondok hiru ordezkari:
Atxondon  EH Bildu: 2 eta  EAJ: 1

Mañarian eta Izurtzan bina ordezkari
Mañarian EH Bildu: 1 eta  EAJ: 1
Izurtzan EH Bildu: 1 eta  EAJ:1

Guztira: EH Bilduk 13, EAJk 11, AIk 2 eta Herriaren Eskubideak 1

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!