Kanpainaurre luzearen eta aste biko kanpaina biziaren ostean, heltzear dago hauteskunde eguna. Domekan, udalen, Batzar Nagusien eta Amankomunazgoaren osaketa zehaztuko da, herritarrek alderdiei emandako botoen arabera. Boto horiek lortzeko asmoz, alderdiak ekitaldirik ekitaldi ibili dira, propaganda banatzen, batzarrak egiten... Baina hautagai politikoek kanpainan hartzen duten erreferentziaren gainetik, herritarrak dira hauteskundeetako protagonistak. Herrigintzan eta erakundeetan lanean dabiltzan zortzi herritarren iritziek osatzen dute erreportaje hau.
Zer diote herritarrek? Zer eskatzen diete udalei? Zer beharrizan ikusten dute? Zer norabide hartu behar dute politika zehatzek? Galdera horiek egin dizkie ANBOTOk Durangaldean herrigintzan eta erakundeetan lanean dabiltzan zortzi herritarri. Sektoreka banatuta, Durangaldeko erakundeen lanak norantz jo beharko lukeen aztertu dute erreportaje honetan.
Partaidetzatik gazteriara Kimetz Munitxak partaidetzaz berba egin du, Agurtzane Elorriagak kirolaz, Maite Berriozabalek euskaraz, Ander Areitioaurtenak ingurumenaz eta jasangarritasunaz, Marisa Barrenak kulturaz, Guillermo Oarbeaskoak ekonomiaz, Maider Murok feminismoaz eta Enara Lauzirikak gazte politikaz.
PARTAIDETZA – “Parte hartzetik, parte izatera”
Kimetz Munitxa, Garapen teknikaria Otxandion
Otxandion, Herri-ola planean, partaidetza eredu sakona duzue. Udalen funtzionamendua hankaz gora ipini dugu, behetik gora. Udalak ez du esaten gauza zehatz batean parte hartzeko. Alderantziz da: herritarrek dauzkaten beharrizan eta kezkak lantaldeka zehaztu dira, zortzi urteko prozesuan. Talde zabalak dira, eta eurek gura dutenean batu ahal dira. Gero, Herri-ola Batzordean, ondorioak bateratzen dira udalagaz batera. Erabaki horiek, udalaren gainetik dagoen Herritarren Kontseilura eramaten dira. Norabide estrategikoa markatu, eta 30 urterako proiektua da, bizi kalitatea helburu duena.
Beraz, partaidetzan sakondu behar da? Parte hartzetik, parte izatera pasatu behar dugu, eta mantso egin behar da lan. Herritarrek trankil egon behar dute, ez lau urterik behingo borroka politikoan. Edozelan ere, daukagun gizarteagaz, parte-hartze eredu itxiak ere baloratu behar dira. Azkenean, eskema aldaketa bat da. Baina motibazioa galtzea ere eragin dezakete.
INGURUMENA – “Inplikazioa ezinbestekoa izango da”
Ander Areitioaurtena, Ingurumen teknikaria IK4-Azterlanen
Zer pauso aurreikusten duzu birziklapenean eta energian? Hurrengo agintaldian etxeko hondakinen kudeaketan aurrerapausoak eman, eta birziklapen tasak igoko dira. Baina sistema berriek ondo funtzionatu dezaten, herritarron inplikazioa ezinbestekoa izango da, eta sentsibilizazio plan indartsuak bultzatu beharko dira. Energiari dagokionez, eskualdean hainbat herritarrek eta enpresak geotermia energia berriztagarriaren aldeko apustua egin dute, eta lortutako emaitzak onak izaten dabiltza. Lehen inbertsioa garestiagoa izan arren, teknologia garbiagoa da, eta eraikin publikoetan erabilera zabalagoa izan dezake.
Zer egin daiteke airearen kalitatea eta mugikortasuna hobetzeko? Azken urteetako hobekuntza nabaria ahaztu barik, oraindik badaude hainbat gune sentikor. Aire zabalean egiten diren erreketak saihestea erronka polita izango da. Mugikortasunean, trafikoa lasaitu eta oinezkoei eta bizikletadunei lehentasuna eman behar zaie.
KULTURA – “Kontsumoa beharrean, sormena erdigunean”
Marisa Barrena
Kultur arloan, datozen lau urteetako lehentasunak zeintzuk izan beharko lirateke? Herri eragileek sortutako ekimenak garatu beharko lirateke. Kultura kontsumitzaile izatetik, ekintzaile eta sortzaile izatera pasa behar dugu herritarrok. Horretarako, kultura kudeatzeko eredu berriak landu beharko genituzke: sortzaileei arreta eta laguntza eskaini, euskarazko sorkuntzari lehentasuna eman, eta ideia berritzaileak bultzatu. Ondarea zaintzea, ikertzea eta ezagutaraztea ere beharrezkoa da, eta baita teknologia berriek eta sareak eskaintzen dituzten aukerak baliatzea ere.
Zelan bultzatu daiteke parte-hartzea? Ez dauden herrietan, Kultura Kontseiluak sortuz, esaterako. Kultur ekintzak koordinatuz, eta diziplina ezberdinetako ekitaldiak bultzatuz. Kultura tresna garrantzitsua da gizartea egituratzeko eta identitatea osatzeko. Ikuspegi zabal batetik askotariko diziplinak bultzatzeko, arlo kulturala kudeatuko duten zinegotziak alor horretan arituak izan beharko lirateke.
EUSKARA – “Erabaki sendoak behar dira”
Maite Berriozabal, Berbaro elkarteko zuzendaria
Udalek zer jarrera izan beharko lukete euskararen biziberritzean? Euskara ezin da eztabaidagai izan. Euskaldunon hizkuntza da, herri nortasuna ematen diguna eta egoera gutxiagotuan dagoena. Horrregatik, aldebakartasunez hartu behar dira euskararen aldeko erabaki sendo eta garbiak. Euskarak lehentasunezko hizkuntza izan behar du udalarentzat. Udal administrazioan euskarak izan behar du lan hizkuntza, eta euskaraz izan behar da herritarrekiko harremana. Egun, euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen, eta hori onartezina da.
Zein izan beharko litzateke udal arduradun berrien lehentasuna? Udal agintari eta langileak euskaraz jardun daitezen beharrezko erabakiak hartzea. Euskaraz bizitzeko ezinbestekoa da arlo guztietan euskaraz jardutea ahalbidetzea eta hori kirolean, aisialdian, merkataritzan, lan munduan… sustatzea. Udalak eragin dezake horretan: agintariek eredu izan behar dute, ordenantzak betearazi behar dituzte, diru-laguntzak bideratu…
ENPLEGUA ETA EKONOMIA – “Arreta eta inplikazioa behar dira”
Guillermo Oarbeaskoa, Dendak Bai
Zer eskatuko zenieke politikariei? Tokiko merkataritza enpresa txikiek osatzen dute, askotan pertsona bakarrekoek. Ekonomia politikek enpresa horiek eta sektorearen errealitatea kontuan hartu behar dituzte. Tokiko merkataritza bultzatu behar dute, kontsumo formatuak lehenetsita. Enpleguari dagokionez, kolektiboaren premiei arreta jarriko dion kontrataziorako laguntza plan bat behar da. Gainera, hitzarmenen negoziazioan blokeoa kendu behar dute.
Zer indartu behar da? Gestioetarako arintasun handiagoa gura genuke, eta baita erakundeek eta elkarteek helburu bakarragaz lan egitea ere, hiriak dinamizatu eta tokiko aisialdia sustatuz. Merkataritza gune irekiaren funtzionamendua nahi dugu estrategia eta lan ildoak adosteko; tokiko merkataritzaren alde diharduten erakundeek lukete ordezkaritza.
Sektoreak ez du sasoirik onena bizi. Zer behar du hori gainditzeko? Arreta, hurbiltasuna eta inplikazioa. Erakundeen laguntza oinarrizkoa da.
KIROLA – “Emakumeen kirola eta harrobia”
Agurtzane Elorriaga, Bizkaia-Durango txirrindularitza taldeko zuzendaria.
Udalek zer egin dezakete kirola indartzeko? Harrobiari edo oinarrizko kirolari begira, horren inguruko lege edo araudi bat izan beharko lukete; edo diru kopuru bat beren-beregi horretarako gorde beharko lukete. Oinarrizko kirola sustatzea asko kostatzen da, eta babes gutxi dago.
Zer beste alderditan eragin dezakete? Emakumeen kirolari dagokionez, beste hainbeste egin beharko lukete. Batez ere, elite mailan ikusten da nabarmen gizonen eta emakumeen taldeek mugitzen duten diru kopuruan dagoen aldea. Diskriminazio positiboa egin beharko lukete. Gainera, udalentzat lan egiten eta diru kantitate handia mugitzen duten enpresak behartuta egon beharko lirateke zenbateko bat oinarrizko kirolean zein emakumezkoenean inbertitzera. Errusian enpresak kirolean inbertitzera behartzen dituzte legez. Oro har, udalek herriz herri dauden eliteko taldeak mantentzeko ahalegina egin beharko lukete; balio positiboak sustatzen dituzte, eta herriaren izena zabaltzen dute.
FEMINISMOA – “Ez dago proiektu integral bat”
Maider Muro, Bilgune Feministako kidea.
Zer botatzen duzu faltan udalen partetik? Udal mailan, udal politika feminista botatzen dugu faltan, hain zuzen ere. Ekintza solteak egiten dira, eta hainbat gauza hobetu badira ere, ez dago proiektu integralik. Badakit ezin dela bat-batean guztia egin, baina horretarako daude plan estrategikoak, adibidez.
Gazteak heztea garrantzitsua da, ezta? Belaunaldi berriak hezteaz gainera, jende heldua ere hezi behar dugu. Ezin dugu dena ikastetxeen esku utzi, jendarte guztiak duelako ardura. Bestetik, ikastetxeak babestu eta animatu egin behar dira lan horretarako, eta ikasturte guztian, ez soilik egun seinalatuetan. Izan ere, egun seinalatuetan oinarritzen den politika ez da eraldatzailea.
Eta udalari zer tratu eskatzen diozu horren aurrean? Udalak mugimenduei begira egon behar du; kasu honetan, emakumeei eta mugimendu feministari begira. Hartu-eman horrek etenbakoa izan behar du.
GAZTERIA – “Erabakitzeko guneak behar ditugu”
Enara Lauzirika, Zornotzako Gazteak taldeko kidea.
Zer egin behar dute udalek gazteen beharrizanak asetzeko? Lehenengo eta behin, galdetu. Udalek gazteon iritzia zein den galdetzea beharrezkoa da; izan ere, galdetuz gero bakarrik jakingo dute gazteok zer behar dugun eta zer nahi dugun. Hartu-emanak zuzena izan behar du, eta horretarako guneak sortu behar dira.
Gazteek espazioak behar dituzte? Bai, noski. Erabakitzeko guneak behar ditugu, autonomiaz jarduteko eta elkartzeko espazioak. Udalek gune horiek sortzeko erraztasuna eman behar dutela uste dut; izan ere, askotan oztopoak bakarrik topatzen ditugu.
Gazteen emantzipazioari zelan lagundu diezaioke udal batek? Etxebizitza arloa gaizki dagoela ikusita, gazteok gero eta zailtasun handiagoak ditugu gurasoen etxetik irten, eta emantzipatzeko. Egoera horren aurrean, oso lagungarria izango litzateke udalen partetik gazteontzako alokairuko etxebizitzak sustatzea.
Herririk herri
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!