Udal hauteskundeak 2015

Espazio publikoaren erabilera publikoa aldarrikatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko mai. 15a, 13:22

Durangoko EH Bilduko ordezkariak, Landako Gunean.

Durangoko EH Bilduko kideek herriko espazio publikoen erabilera publikoa egitea aldarrikatu dute. Ildo horretatik, “errentagarritasun ekonomikoa beharrean, errentagarritasun soziala” bultzatzea proposatzen du koalizioak. Landako Gunea, ikastetxe publikoetako jolasguenak, Etxezarreta parkea eta tren geltokiko aparkalekua herritarrentzako zabaltzea proposatzen du.


Elorrion, berriz, “herritarrek EH Bilduren herri programarekiko dituzten zalantzak argitzea eta, datorren agintaldira begira, herritarrei ahotsa emateko bide berriak lantzen hastea” dira maiatzaren 19rako antolatu duen Hartu Hitza jardunaldiaren helburuak. Galderak egiteko, hainbat modu eskaini ditu: www.ehbildu.eus webgunea, hartuhitza@ehbilduelorrio.eus helbide elektronikoa eta 639 930 964 telefonoa.

Zornotzan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte domekarako. 11:00etan umeen puzgarriak jarriko dituzte, eta 13:00etan ekitaldia izango da plazan. Urko Lopez alkategaia eta Josu Unanue Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia izango dira bertan. Ondoren, pintxo eta sagardo dastaketa egongo da.

Otxandion, aldiz, gaur 19:30ean, koalizioaren lantaldeen eta egitasmoaren aurkezpena egingo dute plazan. Joan zen astean, Abadiñon eta Berrizen ere aurkezpenak egin zituzten.

Zaldibarren, ekitaldi politikoa antolatu dute biharko, 12:00etan, udaletxe aurrean, eta, ondoren, herri bazkari egingo dute eskoletako pilotalekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!