Elorrion, Joseba Mujika zerrendaburuaren arabera, herritarren beharrizanetarako txiki eta zaharkituta geratu da egungo kiroldegia, eta, horregatik, beste bat eraikitzeko proposamena egin du; hain zuzen ere, Fytasa enpresa zenaren lurretan. “Proiektu horrek aukera emango luke une honetan industria hondamen egoeran dagoen lur kutsatua berreskuratzeko”, Mujikak adierazi duenez.
Izurtzako EAJk prentsa oharrean azaldu duenez, azken urteetan alkatetzan egon direnak “ez dira kapaz izan herriko arazo handiei irtenbiderik emateko”. Era berean, herritarren konfiantza eskatu dute “udalerria martxan jarri, ongizatea bermatu, eta gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko”. Oskar Zarrabeitia da zerrendaburua; agintaldi honetan Amankomunazgoko presidente eta udaleko zinegotzi izan da.
Berrizen, hauteskunde programa aurkeztu zuten joan zen barikuan. Ekitaldian Orland Isoird alkategaiak eta Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentetzarako hautagaiak parte hartu zuten.