Udal hauteskundeak 2015

"Gizartea hobetzeko lana egitea da sozialista izatea"

Anboto 2015ko api. 17a, 15:14

Gerediagako juntetxean aurkeztu ditu PSE-EEk alkategaiak. Carlos Totorika Batzar Nagusietarako hautagaiak ere parte hartu du ekitaldian, eta adierazi du "gizarte justuago eta parekideago baten alde borrokan" jarraitzen duela alderdiak.

"Gure ideiengatik txikitu nahi gintuzten kasta horren parte gara". Podemos alderdiak azken hileetan sozialisten kontra eginiko kritikei erantzunez hasi du berbaldia Totorikak. ETAren mehatxupean egondako urteetan alderdiak eginiko lana baloratu du, eta orain, "indar berbera pertsonen alde" jartzeko deia egin die alderdikideei.

"Gizartea hobetzeko lana egitea da sozialista izatea", nabarmendu du Ermuko alkate ere badenak. Langabeziaren kontra egin gura dutela azaldu du, eta horetarako enplegu planak sustatuko dituztela. Enpresari txiki eta ertainen alde ere egingo dutela esan du. Bestalde, zerbitzu publikoen defentsa egin du, eta azken boladan eztabaidan murgilduta dagoen 'RGI' laguntza defendatu du.

Hauek dira PSE-EEren Durangaldeko alkategaiak:

-Pilar Ríos (Durango)

-Marian Muñoz (Iurreta)

-Alicia Hernández (Zornotza)

-Mari Carmen Muñoz (Abadiño)

-Koldo Mendez (Elorrio)

-Fran del Pino (Berriz)

-Javier Tera (Zaldibar)

-José Caro (Mallabia)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!