Amankomunazgoko arduradunek aurreikusitakoa baino gehiago luzatu den arren, Durangaldeko BTT zentroaren eta ibilbideen proiektuak aurrera jarraitzen du. Durangaldeko mendiko bizikleta proiektua Euskadiko BTT zentroen sarean barneratzeko ahaleginean dabiltza orain. Izan ere, baldintza zehatz batzuk bete behar dira BTT zentroa Eusko Jaurlaritzaren zentro homologatuen sarean sartzeko. Horrela, Busturialdea Urdaibairi, Izki Arabako Mendialdeari, Debabarrenari, Valderejo Añanari eta Tolosaldeari Durangaldeko zentroa gehituko litzaieke. Mendiko bizikleta gogoko duten Durangaldeko zaleak geroago eta gehiago direnez, proiektu honek guztien beharrak asetzea du helburu.
Hamabost ibilbide
Durangaldeko mendiko bizikleta egitasmoak hainbat zailtasun maila eta hainbat luzera dituzten hamabost ibilbide aurreikusten ditu. Guztira, 477,5 kilometro hartzen ditu. Sendo SL ingeniaritza enpresa bide publikoetan oinarritu da ibilbide horiek diseinatzeko. Hilabete batzuk behar izan ditu udal guztiekin hartu-emanean jarri, eta bide guztietatik igarotzeko baimenak lortzeko. Horixe izan da, hain zuzen, proiektua atzeratzeko arrazoia. Ibilbide horiek udalerri hauetatik pasatuko dira: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Zaldibar eta Zornotza.
Harrera zentroa Abadiñon
Abadiñoko Tornosolo trinketean izango du proiektuak bere harrera gunea. Durangaldeko zentroaren berezitasunetako bat da ibilbide guztiak Tornosolo trinketetik irtengo direla. Bizikletentzako tailerra, txirrindulariak dutxatzeko gunea eta informazioa zabaltzeko harrera-lekua bertan egokitzea da asmoa. Durangaldeko zaleek zein kanpotik etorri daitezkeenek bertan informazioa jaso ahal izango dute.
BTT Euskadiren homologazioa lortu eta gero, proiektuaren azken fasea urrian jarri gura dute martxan Amankomunazgoko arduradunek. Trinketearen egokitzapenera 57.800 euro bideratuko dituzte, eta bideen komunikaziora zein seinaleztapenera 173.030 euro. Beraz, aurreikuspenak betetzen badira, 2016ko lehen zatian proiektua martxan egon daiteke.
|