Udal hauteskundeak 2015

EAJk Durangaldeko hautagaiak aurkeztu ditu

Anboto 2015ko mar. 20a, 12:21

Elkartegian egindako ekitaldian Durangaldeko udaletarako alkategaiak aurkeztu ditu EAJk. "Pertsonak helburu izango dituen politika eraikitzailea" landuko dutela esan du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak.

Itxaso Atutxak Durangon defendatu nahi izan du pertsonak direla EAJ-PNVren jardun politikoaren helburu nagusia, eta horretarako akordioak bilatzeko beharra aldarrikatu du. EAJren defentsa egiteaz gainera, kritikarako lekua ere izan du: "Guk pertsonen, enpleguaren eta ekonomiaren mesederako hitzartzen dugun bitartean, beste batzuk beren betiko kontuetan ari dira: gatazkan, iskanbilan eta deskalifikazioan".

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak berba egin du hautagaien izenean, eta alderdiak duen esperientzia aipatu du balio lez: "Abalatzen gaituen ibilbidea daukagu eta ilusio eta harrotasunez betetzen gaituen egitasmoa ere bai. Ez dugu ezinezkorik prometitzen, eta ez gara alderdikeria edo txikikeriatan nahastuko".

Hauek dira EAJren hautagaiak eskualdean: Igor Agirre (Mallabia), Andoni Agirrebeitia (Amorebieta-Etxano), Erramun Osa (Garai), Iñaki Totorikaguena (Iurreta), Jol Gisasola (Ermua), Alberto Arancibia (Zaldibar), Eneko Etxebarria (Abadiño), Gorka Garate (Atxondo), Beñat Gorospe (Otxandio), Roland Isoird (Berriz), Joseba Mujika (Elorrio), Oskar Zarrabeitia (Izurtza), Julen Uribelarrea (Mañaria) eta Aitziber Irigoras (Durango).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!