Lasterketaren azken txanpan, Korrika Zornotzan sartuko da; izan ere, martxoaren 29an igaroko da bertatik, 03:41ean, Bilbora bidean. Goizeko ordu txikietan zapatilak jantzi, eta Korrika egitea tokatu zaie aurten zornotzarrei. Hala ere, korrikalariei ez zaie kemenik faltako, AEK-ren ekimenari babesa emateko parte-hartze zabala izango delako. Abadiñon, esate baterako, lehen aldiz Atxarte egoitzako 30 lagunek Korrikan parte hartuko dute.
Durangaldeko herri askotan Korrikaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte: bertso eta antzerki saioak, kontzertuak eta txitxi-burduntzia, besteak beste.
Martxoaren 24an Korrika Txiki berezia egingo dute Durangon. Herrian zehar lasterketa egin ondoren, Durangoko ikastetxeetako umeak eta gazteak Landako Gunean elkartuko dira flashmoba dantzatzeko. Dena behar den moduan irten dadin ikastetxeetan ikasleak fin-fin ibili dira koreografia ikasten, Korrikaren abestia ardatz hartuta.
Mallabian Korrika Batzordea eratu dute aurten, lasterketaren inguruan giroa berotzeko. Egitarau horren barruan, ekitaldi berezi bat prestatu dute: Bertso Desafiyua. Markina eta Gabiria izango dira aurrez aurre bihar, herriko elkartean, gazte taldeak antolatuta.