Bihar hasiko da 19.Korrika Urepelen. Durangaldetik astelehenean eta datorren domekan igaroko da, eta giroa berotzen hasteko, ekintza ugari antolatu dituzte herriz herri. Gaur, esaterako, giro berezia sortuko dute Elorrion eta Iurretan.
Elorrioko ikastetxeek bazkalostean irtengo dute Korrika Txikian, herriari buelta ematera. 14:45ean hasiko dute lasterketa.
Iurretan 18:30ean umeentzako tailerrak hasiko dituzte Dantzari auzunean, eta 19:00etatik aurrera dantza kantu poteoan ibiliko dira, Txiri-Txiri taldeko kideekin eta Kantulagun egitasmoko Beñat Aiartza eta Ugaitz Catalanekin.
Atxondon, gaur 17:00etan, herriko plazan batuko dira Marixurrike aisialdi taldeak deituta. Musikak lagunduta, Korrika datorrenerako petoak eta testiguak egingo dituzte gaztetxoekin eta beste hainbat joko izango dira.