Martxoak 8

Pedalei eraginda zabalduko dute emakumeek aldarri feminista

Anboto 2015ko mar. 5a, 15:00

Eskualdeko hainbat herritako emakume feministek plataforma bat eratu dute, Martxoaren 8aren bueltan Durangaldeko emakumeen bizikleta martxa antolatzeko. Eskualdeko feministen arteko komunikazioa handitzeko eta sarea indartzeko helburuz sortu dute plataforma. Ekimena koordinatzea, eta konplizitateak sortzea eta egonkortzea da asmoa. “Modu naturalean sortu da plataforma”, azaldu dute kideek: “Aurreko bi edizioetan parte hartzera batu den jendeak gero eta gogo handiagoa agertu du bere ekarpena egiteko”.

Hainbat kolektibo zein norbanako feminista elkartu dira plataforman, herrietan eragin, eta ekintza puntualetarako indarrak batzen jarraitzeko. Plataformagaz hartu-emanetan jarri gura duenak sare sozialak zein frenorikez@gmail.com helbide elektronikoa baliatu ditzake.

Elkarlanean antolatu dute Frenorik Ez! bizikleta martxaren hirugarren edizioa. Aurreko urteetan bezala, Zaldibarren abiatuko dute ibilbidea, 10:30ean, eta Durangorainoko bidea egingo dute, herririk herri sistema patriarkala eraldatzeko beharraren aldarria zabalduta. Enkartelada egingo dute ibilbideko herrietan, Frenorik Ez! Sistema patriarkal kapitalista transformatzeko! lelopean. Durangora iristean, Andra Mariko elizpean egingo dute ekitaldia, 13:30ean, eta, gero, musikak giroturiko poteo feministarako proposamena luzatuko dute.

Parte hartu gura duten emakume guztientzako aukerako ibilbidea izango dela azpimarrtu dute antolatzaileek: “Patxadaz joaten gara, ibilbidea samurra da, eta giro ederra egoten da gainera”. Bizikleta, kaskoa eta, elkarrekin martxa koloretsua osatzeko, mozorro eta arropa osagarri biziak bakarrik behar dira parte hartzeko”.  

Orain hiru urte, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira berbetan sortu zuten Durangaldeko emakumeen bizikleta martxaren ideia. Emakumeen espazio publikoaren jabetza islatzen duen ekimena da bizikleta martxa, emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko pentsatutakoa. “Espazio publikoa okupatzeko ekintza egokia iruditzen zaigu”, azaldu dute plataformako kideek. “Gainera, kirola ere esparru oso maskulinizatua denez, emakumeak ikusarazteko modu ederra dela uste dugu”.

Emakumeei ukatutako espazioa sinbolikoki berreskuratzeko ekimena da; emandako pedalkada bakoitza asmo horren aldeko bultzada izango da. “Horregatik, guk, emakumeok, egin behar dugu”, diote ekimenaren bultzatzaileek. Bide horretan, edozelan ere, hainbat modu dauzkate gizonezkoek gurekin bat egiteko: borroka honegaz bat egiten duen gizonak gure pedalkadak babestera gonbidatzen ditugu. Erdu elkarretaratzeetara, poteora, eta borrokara!”.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!