Iaz 209 lagunek parte hartu zuten Behargintzako ikastaroetan

Anboto 2015ko mar. 5a, 09:22

Augusto Uriarte eta Aitziber Txakartegi Behargintzako odezkariak, eta Oskar Zarrabeitia.

2014an, 209 lagunek parte hartu zuten Behargintzak eskainitako prestakuntza ikastaroetan, eta beste 128k informazioa jaso zuten zerbitzuan. Iazko jardueraren balantzea egiteko prentsaurrekoa eman zuten eguaztenean Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak, eta Aitziber Txakartegi eta Augusto Uriarte Behargintzako ordezkariek.


Txakartegik ikastaroen balioaz berba egin zuen: “Jendeari, lana bilatzeko prozesuan, asko laguntzen diote”. Datu zehatzei begiratuta, ikastaroak hiru arlotan banatuta eskaini zituzten. Batetik, langabetuentzako bi ikastaro zeuden: zerbitzari izateko ikastaroa, eta pertsonak zein zamak mugitzeko makineria erabiltzen ikastekoa. Bigarrenik, gaitasun orokorrak hobetzeko hamar ikastaro eman zituzten; lan elkarrizketak prestatzen eta curriculumak egiten ikasi zuten, besteak beste. Hirugarrenik, 55 urtetik gorakoek ikastaro bitan parte hartu ahal izan zuten, gizartean haien parte-hartze aktiboa bultzatzeko helburuagaz.

Txakartegik kontatu zuenez, partaideen %56 emakumeak izan ziren, %36 29 urtetik beherakoak, eta %38k atzerriko naziotasuna zeukaten.

Orientazio zerbitzua
Bestalde, irailaren 30era bitartean lanerako orientazio zerbitzua eskainiko du Behargintzak, Lanbidegaz lankidetza hitzarmena sinatu eta gero. 1.500 orduko zerbitzua izango da, lanbakoei zuzendua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!