Independentziarako Euskal Bidea aurkeztuko du EH Bilduk, eguaztenean

Anboto 2015eko martxoaren 3a

EH Bildu koalizioak Euskal Bidea aurkeztuko du bihar, eguaztena, Plateruenean. 19:00etan hasiko den berbaldian legebiltzarkide bik parte hartuko dute: Maribi Ugarteburuk eta Durangoko zinegotzi ere baden Dani Maeztuk. EH Bilduk independentzia lortzeko daukan ideia edo proposamena azalduko dute bertan.


Maezturen esanetan, “justizia sozialean oinarrituko den estatu bat eratzeko” garatu gura dute Euskal Bidea. Baina prozesu hori ez dute EH Bilduko kargudunek bakarrik landu gura, eta herritarren partaidetza izango ei da euren irizpideetako bat. “Ezinbestekoa da jendea estatuaren beharraz jabetzea”, adierazi du Maeztuk. Horregaz lotuta, berbaldiaren zergatia azaldu du zinegotziak: “Herritarrek eguaztenean entzutea gura dugu, gero eragile aktibo izan daitezen eratze prozesu horretan”.

Hiru fasetan
Euskal estatua sortzeko proposamen horretan, abiapuntutzat gaur egungo banaketa administratiboa hartu du kontuan koalizioak, eta hiru fase zehaztu ditu. Lehenengoan, eremu bakoitzeko herritarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasuna hartu beharko lukete. Bigarrenean, gehiengo sozial eta politikoak sustatzen eta eraikitzen hasiko lirateke. Hirugarrenean, autodeterminazioa egongo litzateke. Azken fase horretan, Frantziako eta Espainiako estatuekin eduki beharreko harremana zehaztu baino lehen, hegoaldeko erkidego bien arteko batasuna lortu gura du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!