Geologia olinpiadak irabazi dituzte Txaber Altubek eta Iker Apraizek

Anboto 2015ko ots. 10a, 09:36

Durangoko Frai Juan Zumarraga institutuko ikasle bi, Txaber Altube eta Iker Apraiz, izan dira EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatzen duen geologia olinpiadako irabazleak. Sei ikastetxek parte hartu dute lehiaketan, eta, Durangaldeko gazteez gainera, Pedro Ramírez gernikarrak ere lortu du irabaztea. 50 galdera erantzun behar izan zituzten, eta mineralak eta fosilak identifikatu ere bai.

Jasotako sariak lehiaketagaz lotura dauka. Izan ere, euskal kostaldeko geoparkeko flyscha ikustera joango dira, itsasontzi batean egingo duten bisita gidatuan. Bestalde, martxoaren 21ean, Alacanten jokatuko den estatu mailako finalean ere parte hartuko dute.

Apraizen arabera, “esperientzia probatzeko” apuntatu dira lehiaketan. Ilusioa egiten die flyscha ikusteak, baina Altubek dioenez, “Alacantera joateak gehiago”, asteburupasaz gozatuko dutelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!