Domekatik astelehenerako gauean lapurrak Zornotzako Andra Mari elizan sartu ziren. Erreka ondoko hormatik gora eskalatu zuten lehenengo. Handik sakristia inguruko balkoira hiru-lau metroko tartea dago, baina lapurrak nolabait moldatu ziren bertara heltzeko. Balkoiko ateko kristala apurtuta sartu ziren barrura. “Ateren bat eta hiru-lau armairutako zerrailak bortxatu zituzten, baina ez zuten ia ezer eraman, hori da arraroena” azaldu du Javier Jaio abadeak. Gelaren batean zilarrezko objekturen bat ere bazegoen, baina bertan utzi zuten. Baliteke diru bila bakarrik sartu izana, baina “elizan ez zegoen dirurik”. Faltan bota duten gauza bakarra eliza barruko giltz bat da, baina ez da giltza inportantea.
Durangon, San Faustoko elizan berriro ere lapurretan sartu dira. Gabonetan, Errege Egunerako gordeta zituzten goxoki batzuk eraman zituzten, eta oraingo honetan ikus-entzunezkoak izan dituzte helburu. Zapatutik domekarako gauean lapurrak teilatuko sabaileihotik sartu ziren eta telebista, DVD irakurgailua eta 80 euro eraman zituzten. Iñaki Loinaz parrokoak azaldu duenez, “hozkailuan zegoen Peche likore botila erdi ere edan zuten”. Ondoren, elizako atetik irten ziren. Lapurrek, baina, sabaileihoa apurtzeko erabilitako burdinezko makila barruan utzi zuten ahaztuta.