Aitor Gonzalezek irabazi du 2015eko ANBOTOren egutegiko argazki lehiaketa

Anboto 2014ko abe. 5a, 10:17

Aitor Gonzalez, ANBOTOko erredakzioan saria jasotzen.

Mariren kobara gauez joan, argazkia atera, eta Aitor González Barinagarrementeria gernikarrak ANBOTOren 2015eko egutegiaren argazki lehiaketa irabazi du. Parte-hartzaile guztien moduan, Durangaldeko hamahiru herritako argazkiak aurkeztu ditu lehiaketara. Horrela, Durangaldeko txokoak ezagutzeko aukera izan du. 2015eko egutegiak Durangoko Azokan daude salgai, Durangaldeko argitalpenen erakusmahaian.


Zelan atera zenuen lehiaketa irabazi duen argazkia?
Anbotoko Mariren kobako atartean aterata dago. Gaua pasatzera joan ginen bertara. Bitartean, argazkiak atera genituen. Koba kolore gorriz argiztatzeko ideia ere izan nuen, baina azkenean aurkeztu dudan argazkia da gehien gustatu zaidana.

Lagun bategaz joan zinen, eta argazkian agertzen da.
Esan diot argazkiak lehiaketa irabazi duela, eta sariaren zati txikitxo bat berari dagokiola [barrez].

Zelan bururatu zitzaizun argazki hori ateratzea?
Beti gustatu izan zait gaueko argazkilaritza, eta ideia hori lehiaketa ezagutu aurretik nuen buruan. Lehenago ere egon izan naiz bertan, baina gauez igo nahi nuen. Han gaua pasatzeak bere gauza magikoa du.

Gernikarra izanda, zelan izan duzu argazki lehiaketa honen berri?
Bikotearen gurasoak Matienan bizi dira, eta bertan ANBOTO aldizkaria irakurrita izan nuen lehiaketaren berri.

Lehiaketan parte hartzea esperientzia ona izan da?
Esperientzia oso polita izan da. Mañari eta Berriz inguruan ibiltzea asko gustatu zait. Berriz bertatik pasa izan naizelako ezagutu izan dut, baina nire buruari galdetzen nion: “Zer dago Berrizen?”, eta azkenean gauez ateratako argazki desberdinak egin gura izan ditut.

Beste argazki lehiaketa batzuetan parte hartu duzu?
Urteak dira argazki lehiaketetan parte hartzen dudala. Argazkizalea naiz, eta egunetik egunera hobetzera behartzen zaitu. Gauza desberdinak egiten saiatu behar duzu. Era berean, beste parte-hartzaileengandik ere asko ikasten dut. Beraz, gustatzen zait lehiaketetan parte hartzea.

Zer argazkilaritza mota gustatzen zaizu?
Gehien gustatzen zaidana mendiko argazkilaritza da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!