Kirolean euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute 77 elkartek

Anboto 2014ko aza. 27a, 11:08
Elkarte, udal, Amankomunazgo eta Aldundiko ordezkariak atzoko ekitaldian. Argazkia: Txelu Angoitia

Durangaldeko  kirol denetan euskara presente egotea da jomuga.

Durangaldeko Amankomunazgoak, eskualdeko bederatzi udalek (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar) eta 77 kirol edo guraso elkartek hitzarmena sinatu dute kirolean euskara sustatzeko. Eguztenean aurkeztu zuten Euskara eta kirola eskutik ekimena San Agustin Kultur gunean egindako ekitaldian, eta kirol elkarte bakoitzak diploma bat jaso zuen ekimenagaz bat egin duenaren erakusgarri.

Kolaborazio horren bitartez kirol-jardueretan euskara bultzatzeko konpromisoak hartu dituzte; eta, horiek betetzeko, udaletako euskara zerbitzuen laguntza teknikoa jasoko dute. Hiru hitzarmen mota daude, eta sailkapena taldeetan euskarak bizi duen egoeraren arabera egin da. Durangaldean praktikatzen diren kirol guztietan euskara presente egotea da jomuga, bakoitzaren abiapuntua desberdina izanik ere.

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak kirol elkarteek euskarareriko erakutsi duten “konpromisoa” eskertu zuen ekitaldiko hitzaurrean: “Durangaldean zein hemendik kanpo kirolaz gainera, euskara ere bakoitzaren nortasuna izatea gura dugu”, adierazi zuen. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko (ekimeneko laguntzailea) euskara zuzendaria den Ana de Castrok hartu zuen hitza: "Gazteek kirolagaz hainbat balore positibo garatzen dituzte eta euskararekiko lotura afektiboa lortzeko berebiziko aukera ere badela pentsatzen dugu". 

Diploma banaketagaz hasi aurretik, Itsaso Gartziak (Tabirakoko presidentea), Unai Uribarrik (Duranguesa Txirrindulari Elkartea) eta Ibai Zabala pilotariak euren kiroletan euskarak duen presentziaren gainean jardun zuten, Asier Aranguren ekitaldiko aurkezlearen galderei erantzunez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!