Dendak Bai elkartea Merkatu plaza gestionatzeko udal mahaian dago, eta zapatuetako merkatuari bultzada emateko erabaki dute ekimena martxan ipintzea. “Zergatik ez egunero?”. Hori da Guillermo Oarbeaskoa merkatarien ordezkariak plazaratu duen galdera. Astelehenetik barikura, ordutegi komertzialean zabalduko dute postua. Merkatuan egoten diren 45 baserritarrek zein salmentarako lizentzia daukan beste edozeinek saldu ahalko dituzte produktuak. Oarbeaskoaren berbetan, postua baserri itxurakoa izango da, egurrez egina, eta ezpata dantzarien banderen koloreak edukiko ditu.
Oarbeaskoaren esanetan, eskualdeko produkzioa ezagutaraztea da beste helburu bat. Gainera, merkatariek baserritarren produktuak erosteko ohitura hartzeko lagungarri izan ahal dela uste du Dendak Bai elkarteko Araceli Guerrero teknikariak.
Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu du Dendak Bai elkarteagaz hirugarren urtez egin dutela laguntza hitzarmena, eta aurten Merkatuko ekimena babestu dutela. Postua erosteko inbertsioa egin dute. “Lehen sektorearen aldeko apustua da”, esan du ekimenari erreferentzia eginda. Akordioak hamar urterako erabilera baimena ematen dio Merkatu plazako postu finkoari.