Mintzodromoagaz hasiko du ikasturtea Durangaldeko Berbalagunek

Anboto 2014ko ira. 17a, 12:44

Kafe baten bueltan berba egiteko batu eta bide batez euskara praktikatu. Hori izaten da Berbalagun egitasmoaren praktika. Urriaren erdialdera hasiko dira martxan eskualdeko Berbalagun taldeak eta parte hartzeko deia egin dute eragileek. Ikasturte hasierarako Mintzodromoa antolatuko dute urriaren 29an, hainbat adinetako euskaldun zahar eta berriak batzeko asmoagaz.

 

Iaz, 28 taldetan 200 lagunek parte hartu zuten Berbalagunen. Aurten ere "konpleju barik" parte hartzeko deia egin dute. AEK-ko Ziortza Aldekoa-Otaloraren berbetan, "euskaldun zaharrek ere konplejuak izaten dituzte euskara batua ez dakitela-eta, baina hori ez da beharrezkoa, eta gainera euskaltegietan ikasi dutenentzako aberasgarria da bertoko euskaraz egiten duen batekin berba egitea".

Aurten ikasturtea modu berezian hasiko dute, Mintzodromoagaz. Plateruena kafe antzokian elkartuko dira urriaren 29an, bi txandatan: Goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Euskaltegietako ikasleak, Berbalagunak, Batxilergoko ikasleak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte Mintzodromora: "Word Kafe lako ekimena izango da. Hiru taldetan banatu eta hiru gai egongo dira berba egiteko; taldeak nahasten joango gara". Institutuekin berba egiten dabiltza batxilergoa ikasten dabiltzan ikasleak ekimenera animatzeko.

2000.urtean jaio zen Berbalagun eskualdean. Durangaldeko AEK, Durangoko Udal Euskaltegia, Hizkuntza Eskola eta Berbarok Amankomunazgoagaz eta udalekin elkarlanean antolatzen dute egitasmoa.

Kakorratza, irteerak...

Berbalagun taldeen ohiko hitzorduez gainera, ekntza osagarriak ere antolatzen dituzte. Iaz, esaterako kakorratz tailerra egiten hasi ziren, eta arrakasta izan zuela ikusita, aurten, urrian hasiko dira kakorratzaren bueltan euskara praktikatzeko batzen. Durangaldea hobeto ezagutzeko irteerak ere egingo dituzte, eta planetariumera joateko asmoa dute, besteak beste.

Izena emateko

Berbalagunen parte hartu gura duenak horretarako aukera dauka AEK-ko euskaltegietan, Durangoko Udal Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan, udaletako euskara zerbitzuetan edo kultur etxeetan. Telefono bat ere ipini dute eskura: 639 400 786. durangaldea@aek.org helbidera ere idatzi daiteke.

Durangaldeko Berbalagunen bloga

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!