Zerk eroan zaitu ‘Anbotoren lagun’ egin, eta proiektu komunikatibo hau bultzatzeko urteko 20 euroko ekarpena egitera?
Amagoia Zuazo, udaletxeko langilea: “ANBOTOk aurrera egin dezan laguntzeko egin gura dut nire ekarpena”
“Badakit ANBOTO astekariak nondik jasotzen duen proiektua aurrera ateratzeko diru-laguntza, eta momentu honetan gauzak ez daudela batere erraz”, azpimarratu du Amagoia Zuazok, eta ANBOTOren lagun egitera zerk bultzatu zuen azaldu du: “Astekariari laguntzeko aukera zabaldu dutela irakurri nuen duela hilabete batzuk, eta nire ekarpentxoa egitea pentsatu nuen: ANBOTOk aurrera egin dezan apur bat lagundu badezaket, oso pozik egingo dut; izan ere, hortik jasotzen dugu Durangaldeko eta Iurretako kontuen berri”. Eraz aldizkaria sortu zenean banatzaile lanetan ibili zen Zuazo, Berbaro elkarteko bazkide da, eta ANBOTOren proiektu komunikatiboak aurrera jarraitu dezan bere ekarpena egiten du.
Elixabete Goenaga, banketxeko langilea: “Ahal dudan neurrian euskalgintzako eragileei lagundu nahi diet”
“Mutrikuarra naiz, eta Durangora heldu nintzenetik beti eduki dut argi euskaraz bizi gura dudala; bizitzako alor guztietan jardun gura dut euskaraz, eta Durangon batzuetan hori ez da hain erraza izaten”, kontatu du Elixabete Goenagak. “Nire bikotekidearen etxean barikuro ezagutu dut ANBOTO astekaria, eta oso gertuko sentitzen dut. Bestalde, beti eduki dut gogoa, ahal dudan neurrian, euskararen aldeko eragileei laguntzeko, eta horrela erabaki nuen nire ekarpentxoa egitea”. Durangaldeko euskara hutsezko astekari bakarra dela ANBOTO, eta barikuro ilusioz jasotzen duela azpimarratu du Goenagak, etxean denek irakurtzen dutela. “Militantzia puntu batek ere banarama ekarpena egitera”, esan du Goenagak.
Aitor Duñabeitia, harreragilea: “ANBOTO premiazkoa da, eta ez balego, haren falta igarriko genuke”
ANBOTOren lagun izateko urtean 20 euro ematea ez dela esfortzu handia, eta “astero-astero postontzietan musu truk ANBOTO jasotzen jarraitu ahal izateko, eta nahinondik ere sarean edonork eskura eduki dezan” laguntzea merezi duela uste du Aitor Duñabeitiak. “Durangaldeko tokian tokiko hedabideen artean pluralena da ANBOTO”, azaldu du Duñabeitiak. “Herririk gehien eta albisterik gehien kontuan hartzen dituena da”. ANBOTO premiazkoa dela, eta ez balego, haren falta igarriko lukeela uste du Duñabeitiak. Bestalde, ANBOTOk euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez daukatenak, erdaldunak zein euskaldunak, gazteak zein zaharrak, euskal prentsara eta euskarazko irakurgaietara erakartzen dituela adierazi du.
Itziar Silloniz, irakaslea: “Euskarazkoa eta oso hurrekoa delako”, ‘ANBOTOren lagun’
Duela urte ugari ANBOTOri laguntzen hasi zeneko arrazoi berberak ikusten ditu Itziar Silloniz Durangoko institutuko irakasleak ANBOTOren lagun izaten jarraitzeko: “euskarazkoa eta oso hurrekoa delako”. Bilbotarra da Silloniz, eta, kontatu duenez, Durangaldera ailegatu zenean ohartu zen jendea hurbiletik ezagutzeko modua izan zitekeela astekaria. Edozein hedabide euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz proportzio berean irakurri ahal izan arte laguntza beharrezkoa izango dela uste du. “Nire ekarpena tanta bat da ozeanoan. Baina zer da ba ozeanoa tanten batura baino?”, azpimarratu du. Astekarian andre helduen eta herritarren protagonismo handiagoa agertu behar dela aipatu du “hobetzekoen” zerrendan.