Autobusaren batzarrean, ikuspegi bateraturik ez

Anboto 2014ko uzt. 2a, 09:23

Atzo Durango-Gasteiz autobus linearen inguruko batzarra egin zuten Durangon. Durangoko Udalak dio batzarra "gogobetegarria" izan zela, baina Bildu ezkor agertu da.

Atzo Durango-Gasteiz autobus linearen inguruko batzarra egin zuten Durangon.  Aitziber Irigoras alkateak deitu zuen (EAJ), eta Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Legutioko alkateak (Bildu) agertu ziren. Gainera, Arabako Aldundiko garraio saileko zuzendaria eta Bizkaiko garraio saileko ahalduna ere bertaratu ziren; baita erabiltzaile bi ere. Erabiltzaileek eskatu lez, koordinazioaren bidez zerbitzua hobetzea zuten helburu. Baina, batzarra amaituta, alderdiek ez zuten azaldu ikuspegi bateraturik.

Durangoko Udalak bidalitako oharrean dio batzarra “gogobetegarria” izan zela, Arabako ordezkaria alegazioak aztertzen dabilela eta erabiltzaileen proposamenak batzeko konprometitu zela. Batzarragatik gustura azaldu da Irigoras. "Errespetuz eta denon ikuspuntuak entzunez egin dugun honek, balio izan du agerian geratu diren arazoak mahai gainean ipintzeko eta, horrela, denon artean irtenbidea eman ahal izateko".

Baina Bildu ezkor agertu da: “Badirudi Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela esku hartzerik nahi. Horrez gain, Arabako Foru Aldundia ere ez dago prest zerbitzua hobetzeko”. Bilduren ustez bien ardura da zerbitzu publiko duina eskaintzea. Egoera ikusita, garraio agintaritzaren esku hartzea eskatu du. Edozelan ere, Bildu pozik dago indar metaketan emandako pausoagatik: "Zenbat eta gehiago izan aldarrikapen berdinak dauzkagun indar politiko, erakunde eta herritarrak, harik eta presio gehiago egingo dugu gure biztanleen interesen alde". Bilduk gogoratu elkarlanerako deia egin izan duela, eta orain EAJ dinamikara batzea positibo ikusten du.

Beste batzar bat egiteko asmoa ere badaukate, atzoko lehen hartu-emanari segida emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!