Autobide berriko obretan hiru tuneletan eta sei zubitan dabiltza lanean

Anboto 2014ko ekainaren 24a

Errepideko lanak, Gazteluko tuneletako baten.
Gerediaga eta Elorrio arteko autobideko lanen berri eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gazteluako bi tuneletan (594 eta 1.141 metrokoak) eta Atxondoko tunel faltsuan (95 metrokoa) lanean dabiltzala azaldu dute.

Errepide egiturei dagokienez bi amaituta daude honezkero, horietako bat Zaldu ibaiaren gainetik pasatzen dena. Beste sei egitura eraikitzen dabiltza orain. Aurrerapenak datorren neguan igarri ahalko dira, besteak beste, Gerediagan autopistarako lotunea instalatzea aurreikusi dute.

N-634 eta Ibaizabal erreja gurutzatzen dituen zubibideak aurrefabrikatutako habeak dituzte dagoeneko. Taula hormigoitu eta uda amaitu aurretik, Elorrioko lanetarako materiala garraiatzeko errepide berria erabiliko dute.

Autobide berriak bi erraileko galtzadak izango ditu eta 6,4 kilometroko luzeera. Kalkulatu dutenez, egunean 12.200 ibilgailuk erabiliko dute bide berria, egungo eskualdeko errepidearen ordez. 

 

Lan baldintzak

Duela gutxi LABek errepideko obretan irregulartasunak zeudela salatu zuen. EH Bilduk ere obrak "beharrezko neurri eta kontrolak hartu barik" hasi zirela kritikatu zuen. Aldundiko oharrean segurtasun eta lege arloko baldintzak betetzen dituztela nabarmendu dute: "Segurtasun, osasun eta kalitatearen arloan ezarritako baldintzez gain, IIA (Ingurumen-inpaktuaren aitorpena) zorrotz eta zehatz baten menpe dago". Oharrean azaldu dutebezm aitorpen horrek aberastasun naturala babestuko dela ziurtatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!