Durangaldean makina bat su pizten dira 23 gauean, auzo zein herriguneetan. Durangon, Herria auzo elkarteak antolatuko du 22:15ean, San Roken. Aurretik txaranga ere ibiliko da. Elorrion, plazatik San Joanera igoko dira 16:30ean, pailazoekin merendola egiteko, eta, 22:00etan, San Roke inguruan elkartuko dira surako. Kriskitin dantza taldeak Akelarrea egingo du San Rokeko landa baten.
Abadiñon, auzorik auzo egingo dute. Traña-Matienan, adibidez, 21:30ean batuko dira. Zornotzan, ostera, udalak antolatutako sua 22:30ean isiotuko dute, Nafarroa kalean, eta San Joanen, aldiz, sua, akelarrea eta musika eskainiko ditu AEK-k, 22:30ean.
Iurretan, afaria egingo dute plazan, 20:00etan, Luhartzen erromeria eta gaztetxekoen antzerkiagaz. Mallabian, txitxiburduntzia daukate 20:00etan, eta 22:00etan sua. Zaldibarren, Olazarren egingo da jaia, 22:00etan; Mañarian, 20:00etan; Izurtzan, 18:30ean, Santo Tomas parkean; eta Berrizen, 21:30ean, Berrizburun.
Garain eta Axpen, jaiak
Gaurko eguna berezia izango da Garain eta Axpen; asteburutik San Joan jaiak ospatzen dabiltza eta gaurko eguna berezienetakoa da. Garain 20:30ean dute hitzordua Donien Atxa ipini eta sua pizteko. Axpen ilunkeran piztuko dute sua, eta suaren argitara txokolatea banatuko dute bertaratzen direnen artean.