Urtero legez, egutegia aterako du Anbotok urte amaieran, eta bertako argazkiak aukeratzeko lehiaketa martxan da. Egutegia Durangaldeko 13 herrien argazkiekin osatuko da; hile bakoitzean herri bateko argazkia joango da, eta hamairugarrena egutegiaren azalean. Parte hartzaileek herri bakoitzeko argazki bana aurkeztu beharko dute; Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio, Zaldibar eta Zornotzako argazkiak.
Argazkiak kamera digital batekin egin beharko dira, eta JPG formatuan bidali beharko dira, irailaren 30a baino lehen. Argazkiek, gutxienez, 4.000 x 2.800 pixeletako tamaina izan behar dute. Lan originalak aurkeztu beharko dira, eta ezingo dute beste lehiaketaren bateko saririk izan. Argazkiei ukituak egin ahalko zaizkie, baina ezingo da gehitu edo kendu euren jatorrizko osaera aldatzen duen elementurik.
Zelan eta nora bidali
Argazkiak e-mailez edo CD baten aurkeztu daitezke, honako datuekin: Argazki bakoitzaren izena, argazkilariaren izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea eta adina. Bidaltzeko helbideak honakoak dira:
- astekaria@anboto.org
- Anboto astekaria Bixente Kapanaga, 9
48215 Iurreta