Urteko egunik luzeenaren eta gaurik laburrenaren magian murgilduz, udako soltizioa iragartzeko, dantza eta musika ikuskizuna da AKELARREA, antzinako akelarreetara bidaia imaginarioa.
Akelarrean egiten diren gauza guztien artean dantza, musika eta alaitasuna da nagusi, gizon eta emakumeen arteko hurbiltasunerako ohikoena eta bazter ezin den ekintza.
Garai bateko gizandreak ostera, gaitzetsi, zigortu eta erre egin zituzten, derrigorrean horrelako aitorpenak egin ondoren “…eta emakume hark, xaloki, egia zela aitortu zuen, izan zela behin akelarrean, baina dantza egitearren joan zela, denontzako gozagarria den dantza egitearen grinari uko egin ezinik”
Gure bidaian aspaldiko akelarreetako gizandre haiek gogoan izango ditugu eta, bide batez, haien askatasun egarria eta dantzaz gozatzeko grina kutsatzen ahaleginduko gara elorriarrei eta ikuskizunera hurbiltzen diren guztiei.