Caritasen zer arlotan diharduzu lanean?
Durangaldeko herri guztietan Caritasen taldeak daude, eta nire lana talde horiei laguntzea da.
Krisiak zelan eragin du zuen lanean?
Guk beti izan dugu lan asko. Orain kasu gehiago ditugu. Beraz, eskaera gehiago ditugunez, proiektu gehiago sortu ditugu eskaera horiei erantzuteko. Kasu berriak geroz eta gutxiago ditugu, baina egoerak luzatu egin dira denboran. Geroz eta zailago egiten zaie zulo horretatik irtetea. Egoerak kroniko bihurtzen ari direla ikusten gabiltza.
Durangaldeko daturik baduzue?
Elorrion, esate baterako, 2008an hamasei familiari lagundu genien. 2013an, berriz, 45 familiari. Elorrioren kasuan laguntza gehienak janari txartelak izan ziren. Dena dela, herri batetik bestera errealitateak oso ezberdinak dira.
Zuengana jotzen duen jendea zelako egoeratan aurkitzen da?
Bertako jendea zein etorkinak izaten dira. Seme-alabak euren ardurapean dituzten emakumeak; gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak; etxeko lanetan ziharduten, eta lana galdu duten emakumeak... Esan beharra dago, alde ekonomikoari dagokionez, emakumeek egoera zailagoak bizi dituzten arren, ekintzaileagoak direla, eta gaitasun handiagoa dute beraien burua baliagarria dela sentitzeko.
Familietan, aitita-amamak ahalegin handia egiten ari dira.
Bai; lehen aitita-amamek hilobak zaintzen laguntzen zuten. Orain, aita-amak langabezian daudenez, gehiago laguntzen dute seme-alabei eta hilobei janaria edo laguntza ekonomikoa ematen. Etorkinek, aldiz, ez dute familia sare hori izaten.
Zelako laguntza eskaintzen du Caritasek?
Laguntza guztiak prozesu baten barruan sartzen saiatzen gara. Ez ditugu erantzun puntual zehatzak ematen. Izan ere, oinarrizko premiak dituenak, beste beharrizan batzuk ere izaten ditu: talde baten parte izateko premia edo autoestimu mailako premiak, esate baterako. Lana galtzen duenak ez du diru iturria bakarrik galtzen. Talde bateko parte izatea edo baloratuta sentitzea ere galtzen ditu. Beraz, gure laguntza psikologikoa eta ekonomikoa izan daiteke: janaria edo arropa erosteko txartel bat izan daiteke, adibidez. Garrantzitsua da esatea gure erabiltzaileek beraien bizitzen protagonista izatea gura dugula, eta horretarako erantzun duinak ematen saiatzen garela, gizartean integratu daitezen. Beraiekin egiten dugu bidea.
Etxe barik dauden pertsonentzat laster zabalduko duzue Etxepel proiektua.
Etxe barik dauden pertsonei zerbitzu integrala eskaintzen die. Eguneko zentroak, gizarte pentsioak eta pisu babestuek osatzen dute proiektua.
Harrera proiektua da ezagunena.
Bai, lehenengo zabaltzen den sarrerako atea da, egoerak ezagutzeko eta aztertzeko bidea, baina baditugu beste hainbat proiektu ere; Zaintza, adibidez, etxeko lanak egiten erakusteko eta lana modu aktiboan topatzen laguntzeko.
Umeei zuzendutako proiektuak zelan funtzionatzen du?
Desegituratutako familietako umeei laguntza eskaintzen diegu, gizarte-zerbitzuekin eta eskolekin batera. Garbitasun ohituretan, elikadura arloan eta etxerako lanetan eragiteaz gainera, jolastu ere egiten dute.
Ekorropa denda ere zuek kudeatzen duzue.
Amankomunazgoagaz batera arropa batzeko kontainerrak ditugu Durangaldean. Mungian lan integrazioa bultzatzen duen fabrika batean sailkatu eta garbitu egiten da. Arropa batzuk garatu gabeko herroetara bidaltzen dituzte, eta beste batzuk Ekorropa dendan jartzen ditugu salgai. Edozeinek erosi dezake denda horietan. Gure erabiltzaileren batek ezin badu erroparik erosi, txartelak ematen dizkiogu, bertan erosi ditzan.
Eskaintzen dituzuen laguntzak zelan koordinatzen dituzue?
Laguntza sare bat dago, eta gizarte-zerbitzuak arlo honetan dihardugun elkarteekin koordinatuta daude. Caritasen laguntzak bigarren mailakoak dira. Hau da, beste laguntzarik jasotzeko aukerarik ez dutenak etortzen dira guregana.
Boluntarioekin egiten duzue lan.
Bai, boluntarioengan oinarritzen da Caritas. Profesionalok beraien lanean laguntzen diegu. Herri bakoitzean hainbat ekimen ditugu. Elorrion eta Zornotzan, esate baterako, andreak erdaraz idazten eta irakurtzen ikastera joaten dira.
Murrizketak nabaritu dituzue?
Premia dutenei administrazioak ematen dien erantzuna ez da nahikoa. Murrizketak egin dituzte osasunean, hezkuntzan eta gizarte arloan, besteak beste. Medikamentuak ordaindu egin behar dira, eta batzuek hartzeari utzi diote. Umeentzako bekak ere asko jaitsi dira. Mendekotasun Legean ere murrizketak egin dituzte. Beraz, krisi ekonomikoaz gainera, krisi soziala bizi dugu. Sistema honek desberdintasuna bultzatzen du. Irabazi ekonomikoa pertsonen duintasunaren gainetik jartzen du.