Hainbat arrazoi argitaratu ditu hori argudiatzeko. Eguneko jarduna luzatzen dietela eta atsedenaldietan beharra egiten dela kritikatu du LABek: “Horrela, ez da betetzen urte hasieran sindikatuen eta patronalaren artean sinatutako lan egutegia”. Gainera, soldatak ere hitzarmenean aurreikusitakoak baino txikiagoak direla ohartarazi du. Soldatekin lotuta, kotizazioetan balizko iruzurrak egon daitezkeela ere esan du sindikatuak.
Baldintza horietaz gainera, LABek gogoratu du apirilaren 3an behargin bat zauritu egin zela tunel batean, eta helikopteroz eraman zutela Galdakaoko ospitalera. “Halako gertakarien aurrean, LABek bere kezka azaltzen du lan osasuneko eta segurtasuneko neurriak ondo aplikatzen ote diren”.
LABen ustez, egoeraren erantzukizun nagusia azpikontratatutako enpresetan dago: “Irabazi handiak eta arin lortzeko grinagatik, lan baldintzak ezegonkortu egiten dituzte”. Sindikatuaren arabera, enpresek “gerizpeko peaje” bidez kobratu behar dute obragatiko zati bat, eta 30 urtez gestionatuko dute autobidea. “Obra zenbat eta lehenago amaitu, zenbat eta lehenago kobratzen hasi”.
Bestalde, Aldundiaren ardura ere badela uste dute, obraren kontratatzailea delako. “Enpresen diruzalekeriaren aurrean administrazio publikoak langileen eskubideak babestu behar ditu”, esan du LABek.