Etxea teilatutik hasita

Sasikoak eta Elorriokok denboraldi distiratsua osatu dute Hirugarren Mailan; baita Presion Break taldeak ere, Maila Goreneko txapeldun izan delako. Bestelako kontuak gertatu dira Mallabian; proiektu berri bati ilusio handiz ekin zitzaion, baina azkarregi eta presaka egin zen, plangintza nahikorik gabe.


1.200 biztanle dituen herri txiki bateko talde apal batentzat anbizio larregikoa izan da. Azpiegitura egoki barik, jokalari gutxirekin eta baliabide ekonomiko urriekin proiektua denboraldi erdira heldu aurretik hasi zen hondoratzen, nahiz eta azkenera arte ontziari eutsi dion entrenatzaile on baten profesionaltasuna izan duen.
Mallabia zazpi urteko lanaren ostean heldu zen Hirugarren Mailara, jokatuz gozatzeko beste anbiziorik gabe. Gazte mailako taldea sortu zen, zeinak proiektu berri bateko oinarria behar zuen. Baina taldea oinarritik beharrean teilatutik eraikitzen hastea akatsa izan zen. Aurrerantzean hiru talderekin lehiatuko dugu: Euskal Ligan, Lehen Erregionalean eta gazte mailan. 20-21 urteko gazteek izango dute taldea asentatzeko ardura. Aurtengo denboraldiak defizit handia eragin du, eta taldeko ekonomia ere ondu beharra dago. Ilusioz eta lana eginda, seguru nago talde berriak iaz arte genuen familia giro hori berreskuratuko duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!