Zabor organikoaren birziklapena, hedatzen dabilen jarduera soziala

Anboto 2014ko eka. 7a, 09:00

Zabor organikoa zelan bereiztu. Hori da birziklapenaren arloan gaur egun kezkarik handiena sortzen duen gaia. Badira urte batzuk beira, plastikoa eta papera bereizteko politika martxan ipini zela, eta honakoa birziklatze prozesuan jauzi bat emateko sasoia dela dirudi. Durangaldean hainbat proiektu sortu dira azken urteotan, bilketagaz edo konpostajeagaz lotutakoak.

Momentuz ez da birziklapen osoa lortzen, borondatezko ekimenak dira eta. Herririk herri hedatzen dabilen jarduera soziala da materia organikoa birziklatzea.

Berriz izan zen aitzindari gaiagaz arduratzen. Konpostajearen inguruko dinamikak piztu ziren lehenengo, eta horrek egitasmo berritzaile baten sorrera ekarri zuen 2012an: konpostaje planta. Berriziklatu lelopean, 60 bat familia eta zenbait merkataritza-gune hondakin organikoa bereizten hasi ziren, gero aterik ate batzeko. Udaleko beharginek  jaso, eta Berrizburun dagoen fabrikara eroaten dute, tratatu eta konpost bihurtzeko. Konpost hori, esaterako, lurrak ontzeko erabiltzen da, eta, horrela, birziklapenaren zikloa itxi egiten da.
Bigarren fase batean, kontainer marroiak ere ipini zituen udalak, aterik ateko sistema alboratu barik.

Familien erdia partaide
Mallabian 2012. urtearen amaieran hasi ziren konspostaje sistema ezartzen. Baserri eremuetan bizi diren hainbat familia dabiltza konposta egiten, eta Mila Mondragon alkateak azaldu du oraindik ere jendea izen-ematen dabilela, eta “harrera ona” daukala ekimenak. Bestalde, herrigunean auzokonposta garatzen dute, lau eremutan banatuta. Mondragonek balorazio oso ona egin du, herriko familien ia erdia delako egitasmoko partaide. “Konposgune bat handitu beharrean gaude, erabiltzaile gehiagori aukera emateko”.


7.430 kilo hil bakarrean
Zornotzarrek bosgarren kontainerraren aldeko apustua egin dute. 2013. urteko urrian Ongi etorri izeneko kanpaina ipini zuen martxan udalak, herrigune osoan kontainer horiek zabaltzeko. Maiatzean beste bederatzi ipini dituzte, eta, dagoeneko, 39 daude herrian. David Latxaga alkateak emandako datuen arabera, 800 familiak darabilte edukiontzi marroia, eta horren emaitza ona begi-bistakoa da: apirilean 7.430 kilo materia organiko jaso zituzten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!