Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak azaldu duenez, "Urkiolako Parke Naturalean industria-jarduera bakarrak kareharria ustiatzearekin lotuta daude". Oregik gaineratu duenez, "bost harrobi dira jarduera motaren bat dutenak parkearen, edo babes-eremu periferikoaren barneko berreskuratze lanak kontuan hartuta: Markomin Goikoa, Mutxate eta Zalloventa, Parke Naturaletik kanpo, baina parkearen babes-eremu periferikoaren barne daude. Beste biak Atxa Txiki eta Atxarte dira, parke naturalaren izendapena egin zen unean jardunean zeudenak, baina egun abandonatuta daudenak".
Behin aldaketa eginda, "debekatuta dago meategiak eta gainerako baliabide geologikoak ustiatzea sekzio guztietan. Gainera, martitzenean onartutako dekretuak jasotzen duenez, ezingo da meategi eta baliabide horiek ustiatzeko edo ikertzeko baimenik edo emakidarik eman.
Markomin Goikoa eta Mutxate harrobien inguruan dekretuak dioenez, "jarduneko ustiapen-proiektuen barneko baliabideak agortu ondoren, ez dute baimen berririk jasoko, ez parke naturalaren barnean, ezta bere babes-eremu periferikoan ere". Ustiatzeko baimenik ez duten harrobien inguruan, Atxa Txiki, Atxarte eta Zalloventa, "berreskuratu egin behar dira, eta horretarako proiektuen helburu bakarra eremua kontserbatzea izango da". Azaldu dutenez, ekimenaren helburua Urkiolako Parke Naturalaren balio naturalak babestea da, eta horiekin baliokideak diren zenbait jarduera ekonomikori eustea.