Balantzearen berri eman dute Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak eta Nerea Izarra zerbitzuko arduradunak. Erabiltzaileen gehiengoa Estatu Espainiarrekoa izan da, etxerik barik eta lotura sozialen faltan hara eta hona dabiltzanak. Eguraldi hotzaren aurrean, batez ere kalean lo egiten dutenei babesleku bat eskaintzeko helburua izan du zerbitzuak.
Azaroaren 25ean ipini zuten martxan zerbitzua Tabirako Errota ostatuan. Hamar lagunentzako gela bat alokatu du bertan Amankomunazgoak, eta horretarako 20.000 euro erabili ditu. Lo egiteaz gainera, salda beroa, gosaria eta dutxa ere hartu ahal izan dituzte. Egun baten ere ez da txiki geratu hamar laguneko gela hori.
Durangalde mailako zerbitzua izan arren, etxebako gehienak Durangon agertu direla esan du Zarrabeitiak, herri handiena delako. Udaltzaingoak jaso eta bideratu izan ditu aterpetxera, eta han hiru egunez egoteko baimena eduki dute. Hori bai, Gizarte Ekintzako beharginek egoera aztertu eta egonaldia luzatu diete horrela behar izanez gero.