Europako hauteskundeak domekan erabakiko dira

Anboto 2014ko mai. 23a, 14:58

Gaur amaituko da hamabost eguneko kanpaina Europako hauteskundeetan parte hartzen duten alderdientzat. Egun hauetan, alderdi politikoek Durangaldean ere aurkeztu dute beraien proposamena Europara begira.

 

Joan zen astean, EAJko kargu gorenak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zutela, Ezkurdin bildu ziren. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak  gogoratu zuen “enplegua eta ekonomia bultzatzea dela EAJren helburua, bai Bruselan, eta baita Durangaldean ere”. 

Ezker Anitza-IU-Iratzarri-EKIko hautagaiek ere Durangon egin zuten geldialdia.Mikel Anderez alderdiko koordinatzaileak esan zuenez, “ezinbestekoa da Europatik Durangora eragin nahi duen ezkerreko indar zabal bat”. 

PSOEk, berriz, domekan antolatu zuen ekitaldia, Landakon, Arrosaren Egunean. “Lana eta soldata duinak aldarrikatzen ditugu gazteentzat, eta helburu horretara heltzeko konpromisoa hartzen dugu”, azaldu zuen Elena Valencianok.

EH Bilduk eguaztenean, Durangon, antolatu zuen ekitaldian Dani Maeztuk eta Niko Morenok hartu zuten parte. Maezturen arabera, domekako emaitzak garrantzitsuak dira, ezkerreko abertzaleen eredua Durangaldean zabaltzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!