“Houston, arazo bat daukagu tabakoarekin”. Hori izan da aurtengo Kerik Gabeko Gelak programako garaileek marrazki bat egiteko erabili duten leloa. Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Amankomunazgoak sustatutako lehiaketa Jesuitak ikastetxeko Gorka Junquerak eta Inazio Azurmendik irabazi dute. Nevers eta Abadiñoko Institutukoek ere parte hartu dute.
Maiatzaren 31 Tabakoaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta horren bueltan egin dute lehiaketa. 30ean, Amankomunazgoko Mendekotasunen Zerbitzukoek informazio mahaia ipiniko dute Durangoko Ezkurdin, 16:00etatik 19:00etara.
Vicente Fernandez Mendekotasunen Zerbitzuko arduradunak esan du antolatzen dituzten ikastaroei eskerrak Durangaldean 80 bat lagunek uzten dutela tabakoa urtero, eta datu oso ona dela azaldu du, biztanleria kopurua ikusita. Baina, oraindik tabakoa erretzen dutenen kopurua altua dela adierazi du, batez ere europa iparraldeko herrialdeekin alderatuta. Hemen, EAEn, biztanleriaren %28 da eguneroko erretzaile, eta beste %5 nohizbehinkakoa da. Fernandezen arabera, Norvegia lako iparraldeko herrialdeetan %14koa da tasa.