Euskararen aldeko lanean, 25. urtemuga ospatuko du Berbarok

Anboto 2014ko mai. 20a, 09:15

Berbarok 20 urte bete zitueneko ospakizuna
Euskaltzale guztiekin batera ospatu gura dute urtemuga, maiatzaren 24an. “Jende askoren lanari esker ailegatu gara gauden lekura”. Durangoko Berbaro euskara elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta Maite Berriozabal kudeatzaileak berba horiekin eskertu gura izan du urteotan elkartearen bueltan ibili diren guztien ekarpena. Bere ustez, lan handia egin da langileen aldetik, “baina, batez ere, boluntarioen aldetik”.


Duela 25 urte euskaltzale batzuek sortutako elkarteak ibilbide oparoa eduki du. Euskararen erabilera indartzeko helburuz makina bat ekimen garatu dituzte, eta proiektu zehatzak ere bai: Plateruena eta Anboto, adibidez. Elkartearen, antzokiaren eta hedabidearen arteko lotura sendotzen hasi ziren duela pare bat urte: “Helburu bera daukagu, leku beretik sortutako hiru proiektu garelako”. Berbaro taldea osatzen dute hirurek.

Etorkizunean ere egongo da zer eginik euskararen alde. Alde horretatik, Berriozabalek adibide lez esan du gazteengan ipiniko dutela arreta: “Euskaraz bizitzeko hautua gazteengana hurreratzea izango da gure helburuetako bat”.

Euskararen normalizazioan pausoak eman badira, herrigintzan ibili diren gainerako elkarteengatik eta pertsonengatik ere bada, Berriozabalen arabera. “Ezinbesteko ikusten dugu beste elkarte batzuekin beharrean jarraitzea”. Baina, kontrara, erakundeen ekarpen falta igarri du: “Herrigintzaz gainera, administrazioek ere apustu sendo bat egin behar dute”.  

Hilaren 24an jaia
Irudia edo logoa berriztuta egingo du Berbarok urteurreneko jaia hurrengo zapatuan. 11:30ean umeentzako jolasak egongo dira Santa Ana plazan, eta 13:00etan kantu-poteoa egingo dute Goienkaletik. 14:30ean Plateruenean bazkalduko dute; txartelak antzokian eta Berbaron daude salgai. 17:30ean ikuskizuna eskainiko dute, eta, ostean, poteoan irtengo dira. DJ Bullegaz amaituko dute festa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!