Duela 30 urte baino 20.000 lagun gehiago dira euskaraz bizitzeko gai Durangaldean

Anboto 2014ko mai. 16a, 09:00

Jaurlaritzak argitaratutako azken mapa soziolinguistikoaren arabera, herritarren %52 elebiduna da Durangaldean eta %18 elebidun hartzailea –euskara ulertzeko gai dira, baina ez dira oso ondo moldatzen komunikatzerakoan–. Euskararen alde egindako lanari esker, 1981ean baino ia 20.000 euskaldun gehiago dago Durangaldean. Urte horretan biztanleen erdia erdaldun elebakarra zen, eta orain hamarretik hiru dira euskara ulertzen ez dutenak.


Orokorrean Durangalde osoan igo da ezagutza, salbuespen batzuk kenduta: Iurretan, Izurtzan, Mallabian eta Mañarian bajatu egin da euskaldunen kopurua. Kasu horietan eragina izan dezake etxeen eraikuntzak eta kanpotik etorritako jendeak. Dena dela, orokorrean ezagutzak gora egin du, eta horrek harreman sareetan euskara gehiago egiteko aukera eman dezake.


Hezkuntza sistemaren lana
Euskaldun kopuruaren hazkuntzan zerikusi handia dauka eskolen euskalduntzeak. Kontuan hartu behar da 20 urtetik behera %87 inguru direla elebidunak Durangaldean, eta 1981ean, berriz, adin tarte horretan %34,3 zirela. Datu adierazgarri bat dago adin tarte horretan: hamarretik lauk eskolatik bakarrik jaso du euskara, eta euren bigarren hizkuntza da. Duela hogeita hamar urte gazte gehienek euskara zuten lehen hizkuntza.  

 

Etxeko erabilera
Mapa soziolinguistikoaren arabera, euskararen etxeko erabilera bajatu egin da azken urteetan. 1991n etxeen %29,6an nagusiki euskaraz berba egiten zen; 2011n %22,6an. Gaztelaniaz egiten da nagusiki hamarretik sei etxetan, eta beste hizkuntzaren bat egiten dute etxeen %2,2an.

 

"Euskarak gero eta hiztun gazteagoak ditu"

Jon Aizpurua Espin - Hizkuntza politikako sailburuordetzako teknikaria eta Berbaroko kidea

Durangaldeko udalerriak hiru multzotan sailkatu ditzakegu, kokapenaren eta euskaldunen ehunekoaren arabera.

Lehenengo multzoan, bost udalerri daude: Zaldibar, Berriz, Abadiño, Iurreta, Durango eta Zornotza. Bost udalerri horietan euskaldunen kopurua %50 ingurukoa da, eta eskualdea zeharkatzen duen errepide nagusia (N-634) bertatik pasatzen da.

Bigarren multzoan, bi udalerri daude: Elorrio eta Atxondo. Bi udalerri horietan euskaldunen ehunekoa aurreko multzoarena baino handiagoa da (%60 inguru), eta eskualdean dagoen bigarren errepide nagusiak (N-636) zeharkatzen ditu.

Hirugarren multzoa eskualdeko udalerri euskaldunenek osatzen dute: Mallabiak, Garaik, Izurtzak, Mañariak eta Otxandiok. Eskualdeko errepide nagusietatik kanpo daude, eta euskaldunen kopurua %70 ingurukoa edo hortik gorakoa da.

Azken 30 urteotan, euskararen ezagutzak, oro har, gora egin du Durangaldean, baina bilakaera ez da modu eta noranzko berean eman eskualdea osatzen duten udalerri guztietan. Izan ere, lau udalerritan behera egin du euskaldunen kopuruak. Beherakada hori, neurri batean behintzat, zergatik gertatu den ulertzeko, kontuan izan behar da azken hamar-hamabost urteotan eraiki den etxe kopuru handia. Tamaina batetik gorako hiriguneetan ez ezik, udalerri txikietan eta landa eremuetan ere etxe asko egin dira. Gertakari horrek eragin dituen biztanleen mugimenduak euskararen mesederako izan dira gune erdaldunetan, baina gune euskaldunetan kontrako eragina izan dute. Gure eskualdeko zenbait udalerritan bigarren hori gertatu da. Hau da, bertara bizitzera joan diren pertsonak (atzerritik etorritakoak barne), batez beste, bertan bizi direnak edo bertatik atera direnak baino erdaldunagoak dira. Horren ondorioz, euskaldunen ehunekoa ez da beste toki batzuetan beste hazi edo, esan bezala, behera egin du zenbait kasutan.

Euskararen ezagutzak izan duen hazkundeak euskaldunaren tipologiaren aldaketa ekarri du berarekin. Duela 30 urte, euskalduna adin batetik gorako pertsona zen, euskara etxean jaso zuena eta euskara etxekoekin eta harreman informaletan erabiltzen zuena. Gaur egun, aldiz, euskalduna gero eta gazteagoa da. Askok eskolan ikasi dute euskara, familia erdalduna dute eta errazago moldatzen dira erdaraz. Horrek guztiak eragin zuzena du euskararen erabileran, bereziki erabilera informalean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!