Amankomunazgoak Behargintzaren bidez garatuko duen proiektuan hamabi herritako 16 eta 29 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute: Abadiño, Zornotza, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibar.
Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu duenez, “ekimenaren helburua eskualdeko gazteen aukera sozio-profesionalen kalitatea hobetzea da. Horretarako, gazteek dituzten gaitasunak maximizatu, eta enplegua lortzeko aukerak aztertuko dira, autoenplegura heltzeko”.
Proiektua, formaziora eta enplegura orientatutako zortzi ikastarotan oinarritua dago. Ikastaro bakoitzak 44 orduko iraupena izango du, eta Zornotzan, Durangon eta Ermuan eskainiko dituzte. Ikastaro horietan gazteek hainbat gai landuko dituzte: gaitasun profesionalak, motibazioa, komunikazioa, lidergoa, gatazken inguruko irtenbideak, talde-lana eta gizarte gaitasunak. Era berean, lana bilatzeko tresnak eta pertsonala aukeratzeko teknikak landuko dituzte.
Gazte ekintzaileen gela
Ekintzaileak bultzatzeko helburuagaz, datorren ekainetik abendura bitartean, gazte ekintzaileen gela jarriko dute martxan Zornotzan, Durangon eta Ermuan. Bertan gazteek dituzten ideiak lantzea da asmoa. Banakako tutoretza eta enpresetarako zein proiektuetarako laguntza jasoko dute. Horretaz gainera, lan arloan zein arlo fiskalean eta finantzarioan aholkularitza jasoko dute. Ikasteko eta batzarrak egiteko gelak doan izango dituzte eskuragarri. Dinamizazio talde batek proiektua edo ideia osatzen lagunduko die.
Gainera, ekintzaileen proiektuak abian jartzeko zuzeneko diru-laguntzak emango dituzte, Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaintzeko eta jarduera ekonomikoan alta emateko. Diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da, gehienez. Proiektu honek 274.480 euroko aurrekontua du. Aldundiak %70 ordainduko du eta gainerakoa ekimenean parte hartzen duten udalek.