Xabier Gonzalez (IK-4 Azterlan): "Aukera aparta da gure gaitasun teknologikoak munduari aurkezteko"

Anboto 2014ko mai. 15a, 09:31

Bilbon Fundizioaren Munduko Kongresua hasiko da astelehenean. Bertan industria arlo horretako 800 bat adituren partaidetza egongo da. IK-4 Azterlanek antolatu du kongresua. Xabier Gonzalez gerenteak kongresuari buruz eta Durangaldean fundizioaren sektoreak duen garrantziari buruz egin du berba elkarrizketan.


Astelehenean hasiko da kongresua. Zergatik Bilbon?
Urte birik behin egiten da Fundizioaren Munduko Kongresua. Industria horretan ospe handiena duen ekitaldia da, eta bere egoitza aldatu egiten da. Pribilegio handia da hemen ospatu ahal izatea. 2024ra arteko egoitzak zehaztuta daude, eta gure inguruan horrelako bat egiteko aukera ez dugu urte askoan edukiko. Ekitaldi teknikoa da; esperientziak eta azkenaldiko aurrerapen teknologikoak trukatzea da helburua. Fundizioak paraleloki dauzkan beste sektore batzuk ere landuko dira; piezen mekanizazioa, adibidez. Bestalde, bezeroak ere hor daude; gaur egun ez dago ia objektu bat ere galdatutako osagairik ez duenik: telefonoak, ibilgailuak, hegazkinak, espazio ontziak... Automozio sektoreaz, eolikoaz eta energiarenaz berbetan gabiltza, besteak beste. Sektore aeroespazialean, esaterako, prestazio handiagoko elementuak eskatzen dabiltza.

Zer onura dakar Azterlanera?
Lehenengo eta behin, guretzat erronka bat da. Baina, bigarrenik, aukera bat da gure industriak munduan presentzia edukitzeko. Gure fundizio industria lehiakorra da; inguruko enpresa batzuk mundu osoan lehiakorrak diren piezak fabrikatzen dabiltza. Aukera aparta da gure gaitasun teknologikoak munduari erakusteko. Gainera, enpresa multinazionalak egongo dira erosteko prest. Guk, zentro teknologiko lez, gure enpresei laguntzen diegu. Urte askoan gabiltza horrelako ekitaldietan parte hartzen, eta 2008an eta 2012an tekniko onenari saria eman ziguten. Kongresua Bilbon egitea eskatu genuen, eta Espainia mailako fundizioen elkarteagaz eta mundu mailakoagaz antolatuko dugu.

Berbaldiak, erakusketak eta bisitak egingo dituzue, ezta?
800 bat adituren partaidetza espero dugu. 180 berbaldi egongo dira, 135 herrialdetatik. Bisitetan Durangaldean ere izango gara, hiru bat enpresatan.


Durangaldean badauka pisua fundizioaren sektoreak, ezta?
Aktibitate esanguratsua daukagu. Pieza txikiak, ertainak eta handiak zein metal injektatuzkoak egiteko. Gauzak ondo egiten dabiltzan enpresak daude. Uste dut estanpazioa dela sektore nagusia, baina fundizioak ere garrantzi handia dauka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!