Zugan Ni ekimenean Durangaldeko gazteek sorturiko antzezlanak, ikusgai

Anboto 2014ko mai. 12a, 11:30

Igorreko taldeak irabazi zuen iazko jaialdiko sari nagusia
Zapatu honetan, Berrizko kultur etxean eman diete Zugan Ni jaialdiaren barruan sorturiko antzerki obren emanaldiei hasiera.

 

Obsezioa, 12+1 zalantza eta Sarri norbaiten bizitzan obrak aurkeztu zituzten Zornotzako, Elorrioko eta Berrizko taldeek, hurrenez hurren, Berrizen; eta domekan, Durangoko San Agustin kulturgunean ere egin zuten beste emanaldi bat. Izan ere, ikasturte honetan ekimen horren barruan landu dituzten antzezlanak aurkezten dabiltza antzerkigile gazteak Igorreko eta Durangaldeko oholtzetan.

Markeliñe antzerki talde zornotzarrak gazteak antzerkigintzara gerturatu asmoz sorturiko ekimena da Zugan Ni, eta zazpigarren aldiz antolatu dute aurten. Antzerkia aisialdirako aukera bezala eskaini diete, bertan, ekimenean parte hartu duten Durangaldeko 110 gazteei: antzerkia barrutik ezagutu eta bizi izan dute, eta euren lana sortu dute.

Aste honetan, Iurretan, Elorrion eta Zornotzan izango dira emanaldiak, eta maiatzaren 18an, Zornotza Aretoan emango diote ekimenari eta aste honetako emanaldi sortari amaiera. Zornotzako, Igorreko eta Iurretako taldeek emanaldiak eskainiko dituzte, eta sarien eta oroigarrien emanaldia egingo dute, ondoren.

Datozen egunetako emanaldiak

Maiatzaren 14an, 19:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan
Obsezioa, (Zornotzako # taldea)
Drogoz-ren armairua, (Igorreko Baga Biga Higa taldea)
Itsasargia, (Igorreko taldea)

Maiatzaren 16an, 19:00etan, Iurretako Ibarretxe kultur etxean
Ilunetan argia, (Durangoko jesuitak ikastetxeko taldea)
Barrerik egiten ez duen printzesa, (Iurretako taldea)

Maiatzaren 17an, 19:00etan, Elorrioko Arriolan
Kotoilariak, (Zornotzako & taldea)
Argi ibili, (Durangoko Kurutziaga ikastolako taldea)
12+1 zalantza, (Elorrioko taldea)

Maiatzaren 18an, 17:00etan, Zornotza Aretoan
Barrerik egiten ez duen printzesa, (Iurretako taldea)
Obsezioa, (Zornotzako # taldea)
Drogoz-ren armairua, (Igorreko Baga Biga Higa taldea)
Itsasargia, (Igorreko taldea)
Kotoilariak, (Zornotzako & taldea)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!