Bosgarren kontainerraren erabilera zabalduko dute

Anboto 2014ko mai. 2a, 13:04

Iurreta eta Traña-Matienan bosgarren kontainerraren esperientzia martxan ipini zuen Amankomunazgoak. 120 familia itxarote-zerrendan egon dira, eta eurentzako materiala erosi dute. Datorren astean jaso ahalko dute erabiltzaileek.

Dagoeneko 190 familiak parte hartzen dute bosgarren edukiontziaren esperientzian. Hondakin organikoa batzeko sistema hau ipini eta arrakasta eduki zuen, jendea kanpoan geratu zen-eta hasieran. 120 familia egon dira itxarote-zerrendan, eta Amankomunazgoak erosi du materiala. Traña-Matienan maiatzaren 9an eta 12an emango dituzte tresnak, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Iurretan ordu berean egongo dira, baina maiatzaren 13an eta 14an. Oraindik apuntatu ez eta interesa daukatenek, 94 623 25 22 telefonora deitu ahal dute.

Kanpaina berean, auzoetarako autokonpostajea zabaldu zuten. Informazio tailerrak egin dituzte, eta hurrengo fasean esperientzien jarraipena egingo dute. Bestalde, Eskola Agenda 21aren baitan gaia landu dute Juan Orobiogoitian, Maiztegin, Abadiño Institutuan eta Traña-Matienako eskolan. Adibidez, Berrizko Berriziklatu konpostaje plantara bisitak egin dituzte, eta konpostagailuak ipini dituzte ikastetxeetan bertan. Horrela, hamaiketakoaren orduan eta askarian sortutako hondakinak eurek tratatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!