Maiatzaren 1ean murrizketek eskualdean izan duten eragina salatu dute

Anboto 2014ko mai. 2a, 09:22

LABek Durangon deitu zuen manifestaziora atzo; ELA, CCOO eta UGT Bilbon mobilizatu ziren. 6.700 langabetu daude Durangaldean eta %40 45 urtetik gorakoak dira



Maiatzaren 1a murrizketen aurkako aldarrikapen eguna bihurtu zen atzo. LAB sindikatuak Durangon deitu zuen manifestazioan ehunka lagunek parte  hartu zuten. Goizean kotxe karabanak abiatu zituzten Elorriotik eta Zornotzatik. Bestetik, Zornotza Eraldatuz herri ekimenak manifestaziora deitu zuen arratsaldeko 18:00etarako, Zelaieta parketik abiatuta. 150 bat lagun batu ziren, Prekarietateari, murrizketei,  langabeziari, murrizketei... aurre egin! lelopean.

Durangaldeko ELAk Bilboko mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen. Gainera, eguerdian, BECen bazkaria antolatu zuten.  CCOOk eta UGTk, berriz, deialdi bateratua egin zuten atzo Bilbon manifestaziorako deia eginez.  


Durangaldeko datuak
LAB sindikatuak Durangaldeko datuak ekarri zituen atzo gogora. 1.900 pertsona pobrezia egoeran bizi dira eskualdean. Langabezia datuei dagokienez, 6.700 langabetu daude Durangaldean, %40 45 urtetik gorakoak. LABen ustez, egoera horren aurrean beharrezkoa da bestelako Euskal Herri bat: “Bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat beharrezkoa da, eta, batez ere, inposaketaren gainetik, eredu hori eraikitzea guri dagokigu”.


ELA sindikatuak azaldu duenez, “patronalaren neurrira egindako erreformek ekarri dute lanari gizatasuna kentzea, murrizketa sozialetan oinarritutako aurrekontuen egonkortasuna ezartzea, fiskalitate aurrerakoiari uko egitea, pentsioei eraso egitea eta abar”. ELAren arabera, politika horiek langabezia eta desberdintasunak areagotzen dituzte, eta posible dira edozein oreka sozial bermatzeari uko egin dioten gobernuen lankidetzari esker.


UGT eta CCOO sindikatuek kalitatezko enplegu barik ezin daitekeela enpleguaren berreskurapenik gertatu nabarmendu zuten atzo, Bilbon egindako manifestazioan .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!