Indarkeria matxistaren biktimei arreta espezializatuagoa emango diete

Anboto 2014ko api. 28a, 14:05

Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da aurrerantzean tratu txarren biktimei eskaintzen zaien zerbitzu psikologikoaz.

Amankomunazgoak eta Berrizko Udalak orain arte garatutakoagaz alderatuz, zerbitzu espezializatuagoa, profesionalagoa eta sakonagoa izango dela azaldu du Oskar Zarrabeitiak. Amankomunazgoko presidenteagaz batera Orlan Isoird Berrizko alkateak eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak aurkeztu dute ekimena, hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Ardanzak adierazi du indarkeria matxista jasaten dutenei arreta hurbiletik ematea dela euren helburua. “Kontziente gara oso bakarrik daudela”. Gainera, zerbitzura hurreratzea kosta egiten zaiela esan du. Hitzordua hartzeko deitzen dutenen %25 ez da zitara agertzen. Indarkeria matxista arazo serio eta larria da, "gizarte drama", Ardanzaren ustez: "Garrantzitsua da gizartea kontziente izatea arazo hau dagoela". Herritarren inplikazioa eskatu du diputatuak.

Iaz 25 kasu aztertu zituzten Durangaldean, eta horietatik 13 berriak izan ziren. Bizkaian, guztira, 1.164 emakume hartu zituzten; 625 joan ziren lehenengoz. Tratu txarrak denbora luzean jasaten dutenak izaten dira normalean; hamar urteko indarkeria da batazbestekoa.

Durangoko Galtzaretan, Gizarte Zerbitzuen eraikinean egongo dira astelehenetan -10:00etatik 14:30era eta 15:00etatik 17:30era- eta  eguaztenetan -08:00etatik 15:00etara-. Biktimek euren herrietako gizarte zerbitzuetan eskatu beharko dute zita lehenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!