Anboto 2002an sortu zen, Durangaldeko euskara elkarteen ekimenez. “Doan banatuko zela jakitun, bazeuden babes ekonomikoa emateko prest agertu ziren hainbat euskaltzale, eta Anbotoren lagun figura sortzea bururatu zitzaigun”, azaldu du Jone Guenetxea Anbotoko zuzendariak. “Zailtasun ekonomikoei aurre egiteko diru iturri garrantzitsua da guretzat”. Gaineratu duenez, “lagun-talde horri eskerrak emateko sasoia da”.
Asteburua Oviedon
Anbotoren lagun-taldea handitzea da orain helburua. “Hainbeste urtean gure alde isileko ahalegina egin dutenei eta lagun berriei eskerrak emateko, Eroski Bidaiak agentziarekin batera asteburuetako egonaldiak zotz egingo ditugu”. Lehen egonaldia Oviedoko Las Caldas Villa Termal bainuetxean izango da. Bi lagunentzako gau biko egonaldiaz gozatzeko aukera izango dute Anbotoren lagunek. Ostatua, gosaria eta El Manantial zentro termalera edo Aquaxanara sarrera lortuko dute.
Lehendik lagun direnek zuzenean zozketan parte hartuko dute. Gainerakoek, Anbotoren lagun egiteko aukera dute. Anboto@anboto.org helbidera idatzi, 946 816 558 telefono zenbakira deitu edo orrialde honen behealdean dagoen kupoia bete eta Bixente Kapanagako 9ra (Iurreta) bidaltzeko aukera dago, Anbotori babesa emateagaz batera asteburuetako egonaldien zozketetan parte hartzeko.
Anbotoren lagunak berbetan
Juan Zamalloa (Iurreta): "Euskararen alde egin eta gure hizkuntza bultzatzeko aukera paregabea da Anbotoren lagun izatea. Gainera, niri oso ondo iruditzen zait herrikoa eta herriarentzat den astekari bat bultzatzea. Nire ustez merezi du diru kantitate bat ordaintzea Durangaldeko albisteak lantzen dituen egunkari bat ostiralero-ostiralero etxean jasotzearen truke. Ni itxaroten egoten naiz Anboto etxera noiz iritsiko, Iurretako eta Durangaldeko informazioaren berri izateko. Etorkizunera begira, beharrezko ikusten dut jendeak euskarazko komunikabide txikiei laguntza handiagoa ematea."
Josune Aranguren (Durango): "Niretzat pertsonalki Anbotoren lagun izatea gauza handia eta onuragarria da. Egiten den ekarpena oso txikia da eta emaitza, berriz, handia; azken batean, kalitatezko egunkari bat lortzeko aukera izaten dugulako. Horretaz gainera, egiten dugun ekarpen txiki horrekin euskarazko komunikabide guztiak, ez Anboto bakarrik, bultzatzea eta sustatu ahal izatea da gure xedea. Gainera, nire ustez, diru kantitate txiki hori ordainduta, Anbotoren lagunon asmoa astekariko langileek astero-astero Anboto kaleratzeko egiten duten ahalegin eta lan hori nola edo hala eskertzea ere bada".
Alfon Arroio (Abadiño): "Durangaldean beharrezkoa zen astekari baten faltan geunden eta Anbotori eta euskal prentsari laguntzeko beharrezko ikusi nuen Anbotoren lagun egitea. Durangaldeko euskaldunen komunitate baten parte izatea da. Gainera, ekarpen txiki hori egitea euskaldun guztiok egin beharko genukeen gauza bat dela uste dut. Kazetaria naizen aldetik, euskal prentsaren kontsumitzaileak behar direla ikusten dut, eta laguntza bat ematea behar-beharrezkoa da. Azken batean, gure ekarpenarekin Anbotok gertutasuna, eta inguruko berriak era txukunean, modernoan eta serioan eskaintzen dizkigu. "