Olioa erosita, Nafarroako ekoizleak eta euskara lagundu

Anboto 2014ko api. 7a, 17:08
Errigora ekimenak udaberriko eskaintzaren berri eman du. Olioa salduko dute, nafar ekoizleei eta euskalgintzari laguntzeko. Durangon, Elorrion eta Zornotzan ere egin daitezke eskaerak.

Nafar hegoaldeko ekoizleen produktuak Euskal Herrira zabaltzen ditu Errigora ekimenak, bitartekaririk barik. Horrela, hasierako prezioan erosi ahal dira produktu horiek. Kontsumoa sustatzeaz gainera, ateratako etekina euskalgintzari laguntzeko erabiltzen dute. Apirileko eskaintza olioa banatuko dute, bost litroko ontzietan. Olio birjina extra izango da; ekologikoak 22 euro balioko du eta konbentzionalak 16,5. Auzolanean egingo dute banaketa, herrietan gune zentralizatuak ipinita.

Durangaldean ere badago olioa eskatzeko aukera. Durangon Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletan, AEKn eta durango@errigora.org helbidera idatzita eskatu ahal da. Elorrion, Txintxirri ikastolan, AEKn eta elorrio@errigora.org-n. Zornotzan, AEKn eta zornotza@errigora.org-n.

 

Ekainean, piperrak, orburuak eta zainzuriak banatuko dituzte. Neguan 8.000 saski banatu zituzten, eta 112.000 euro lortu zituzten horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!