Marino Lejarreta Berrizko belodromoko lanak amaitu ditu Amankomunazgoak. Azpiegituretan eta barrualdean egindako hobekuntzetan 188.877 euro inbertitu dituzte. Belodromoaren sarbidean eta pistaren erdian asfaltoa jarri dute. Amankomunazgoko arduradunek azaldu dutenez, horrela, beste kirol batzuetan jarduteko aukera izango da, patinajea, esaterako. Horretaz gainera, barandak eta beste elementu batzuk margotu dituzte, eta oinezkoentzako ate berriak jarri dituzte. Gune berrian, oinezkoen bide bat sortu dute pistatik inguruko espaloira heltzeko. Pista osoa garbitu dute eta likenak eta hezetasuna kentzeko tratamendua egin dute.
Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu duenez, “egin dugun inbertsioa oso beharrezkoa zen bertan kirola egiteko segurtasuna ez baitzegoen bermatuta”. Instalazio hauetan goi mailako kirolariek entrenatzen dutela gogoratu du Zarrabeitiak. Gaineratu duenez, orain arte kotxeak derrapatzera sartzen ziren, baina jarri dituzten ate berriekin ezingo dira gehiago sartu. Lanek jarraipena izango dute. Bizikletentzako aparkalekuak aldatuko dituzte eta argiztapena berriztuko dute.
Berrizko belodromoak hainbat erabiltzaile ditu. Kirolariez gainera, Durangaldeko ikastetxeetako ehundaka ikasle joaten dira txirrindularitza ezagutzera.