Audientzia Nazionaleko Pablo Ruz epaileak autoan adierazi du memoria txartelean hainbat dokumentu daudela gordeta, eta horietako batean Durangaldean 2007an zinegotzi ziren PSE-EE eta PPko kideen izenak daudela. Antza denez, Ezkaraiko etxea ETAk erabili zuen 2007 eta 2008 artean. Jabeak galdararen azterketa eskatu zuen 2012ko abenduan, eta iturginak barruan aurkitu ei zuen memoria txartela. Guardia Zibilaren eskuetan utzi zuen gero. Gonzalez martitzenean atxilotu zuten, eta atzo utzi zuten aske 50.000 euroko bermea ordainduta, ihes egiteko arriskurik ez duelako ikusi Ruzek.
Ruzek dio etxe hori ETAko Askatasun Haizea komandoak erabili zuela. Talde horretako kide zirelakoan zortzi pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak 2008ko uztailean, eta horietatik lau Durangaldekoak ziren: Jurdan Martitegi durangarra, eta Gaizka Jareño, Adur Aristegi eta Libe Agirre elorriarrak. Agirre operazioan bertan geratu zen libre, eta Jareño eta Aristegi absolbitu egin zituzten gerora.
Dokumentu batean Benjamin Atutxa PSE-EEko zinegotzi eibartarraren inguruko hainbat datu agertzen dira, eta Ruzek uste du bahitu egin gura zutela. Gonzalezen baserria horretarako erabili ahal zutela dio epaileak. Durangaldeko zinegotziak zerrendatuta agertzen ei dira, baina datu gehiago argitu barik.
Dokumentuan agertzen diren Durangaldeko zinegotzien izenak hauek dira:
Durango: Pilar Rios, Fernando Castillo, Idoia Agorria, Juan Jose Justo, Vicente de la Quintana, Cristina Ibarrola eta Juan Jose Gastañazatorre.
Zornotza: Antonio Castellet, Alberto Borobia, Alicia Eugenia Hernandez eta Maria Belen Saralegi.
Zaldibar: Javier Tera, Algel Martin eta Narcisa Rojo.
Berriz: Koldo Mendez eta Ion Alvarez.
Elorrio: Mari Carmen Muñoz.
Iurreta: Maria Angeles Muñoz, Fernando Borja eta Jose Antonio Alonso.