Krisi sasoian gauden honetan, lana bilatzeko aukeretako bat norberak bere enpresa martxan jartzea da. Hala ere, enpresa zabaldu aurretik, burokrazia bide luze bat dago egiteko. Bide horretan aholkularitza eta laguntza eskaintzen du Durangaldeko Merinaldearen Amankomunazgoko Behargintza garapen agentziak. Enpresa sortzaileei hain korapilatsu egiten zaizkien alorretan formazioa eskaintzen die: enpresa berriaren finantzaketa, eraketarako izapide legalak, forma juridikoa, enpresak sortzeko diru-laguntzak eta enpresa kudeatzeko formazioa, esaterako.
2013. urtean enpresa sortzeko helburuagaz 197 pertsona aholkatu zituen. Behin informazioa guztia eskuratuta, 65 enpresa berri jarri zituzten martxan. Guztira, enpresa horietan 97 pertsonak dihardute lanean.
Aurreko urteagaz alderatuta, ekintzaile kopuruak gora egin du eskualdean. 2012an 164 pertsona aholkatu zituzten Behargintzako zerbitzuaren bidez, eta 61 enpresa sortu zituzten.
Enpresa sortzaile gehienak gazteak dira, 25 eta 45 urte artekoak. Lanbide Heziketa ikasketak dituzte edo lizentziatuak dira. Amankomunazgoko ard
uradunek azaldu dutenez, teknologia berrietan trebatuak daude.
Aholkularitza eskatu duten ekintzaileen jatorriari dagokionez, Durangok izan zituen ekintzaile gehien iaz, 66 pertsona; Behargintzara gerturatutako pertsonen %34, hain zuzen. Abadiño izan zen bigarren, 25 ekintzailerekin, eta, ondoren, Iurreta 14rekin. Elorrio (9), Atxondo (3) eta Mañaritik (2) ez ezik, Amankomunazgotik kanpoko herrietatik ere eskatu zuten iaz informazioa (Zornotza, Berriz, Bilbo, Dima, Lekeitio, Galdakao eta Basauri).
Behargintzara hurreratu ziren pertsona gehienak,%70, langabezian zeuden (76 gizon eta 61 emakume). Gainerakoa, hau da, %30 (32 gizon eta 28 emakume) lanean zegoen, eta banakako enpresa bat sortzeko informazio bila gerturatu ziren.
Enpresa motak
Ekintzaile gehienek banakako enpresak sortu zituzten iaz. Guztira, 43 pertsonek eredu juridiko honetara jo zuten (%66). Bigarren, sozietate mugatuen arloan, 6 enpresa sortu zituzten. Ondasun erkidegoak 13 izan ziren, kooperatibak bi, eta lan sozietate mugatua bakarra.
Sektoreari dagokionez, 65 enpresatik 21 zerbitzu enpresak izan ziren, 16 merkataritzakoak, 14 ostalaritzakoak, 14 pertsonei zerbitzuak eskaintzekoak, eta 2 industria arlokoak.
Behargintza ekintzaileekin
Amankomunazgoa 2002an enpresak sortzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen hasi zenetik, 1.400 sustatzaile baino gehiago hurbildu da Behargintzara, 1.200 proiekturekin, informazio eske. Urte hauetan 400 enpresa sortu dira Durangaldean, askotariko sektoreetan; adibidez, ostalaritza, merkataritza, eta enpresei zein pertsonei zuzendutako enpresak.
Amankomunazgoko arduradunek 2013. urtean enpresa sorkuntzan jasotako datuak positiboak direla ad
ierazi dute. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak dioenez, “urtero lortutako emaitzak hobetzen goaz. Eskaintzen dugun aholkularitza eta formazioa eraginkorra da, baina ekintzaileek egiten duten apustua da gu gehien animatzen gaituena, Durangaldean badagoela zer eginik esateko!”.
Ikastaroak
Behargintzak bi ekintza hezigarri jarri zituen martxan 2013an. Alde batetik, langile autonomoek zein enpresa txiki eta ertainek duten pisua murrizteko mintegia eskaini zuten. Bestetik, jardunaldi batean salmentak igotzeko gomendioak eskaini zituzten, beti ere enpresa egoera onean aurkituz gero.
Norberarentzat lan egiteak ematen duen poztasuna
Norberaren kabuz enpresa bat martxan jartzeak ematen duen beldurra alde batera utzi, eta ekintzaile hauek beraien enpresak jarri dituzte martxan. Bakoitzak bere esparruan, ahalik eta profesionaltasun handiena eskaintzea dute helburu.

- Talleres Unai (Unai Pascual):
"Zailena lana eta familia uztartzea izan da"
Unai Pascualek baserriko eta lorategiko makineria konpontzeko tailerra sortu zuen 2013ko irailean. Enpresak garapen ona izan du, eta lantaldea handitu izana da horren erakusle. Oztopo handiena, autonomo izanda, lana eta familia uztartzeko zailtasuna izan dela aitortu du Pascualek. “Autonomoa zarenean %100 eman behar duzu, eta ordu asko pasatzen dituzu etxetik kanpo.
- Olabuh (Saioa Segura eta Noemí Arrocha):
"Esperientzia berri bat eskaini gura dugu"
Kalebarrian (Durango) dagoen Olabuh! dendan produktu originalak saltzen dituzte. Saioa eta Nohemirentzako jendeak beraien denda bisitatzea eta esperientzia berri bat izan duten sentsazioagaz irtetea oso betegarria da. “Gurearen moduko denda batean gastuak orekatzen, eta urteko sasoi bakoitzerako atalak kudeatzen jakin behar izaten da”. Ekintzetarako opariekin buru-belarri dihardute orain.
- Uralde (Begoña Zubimendi):
"Harrera ona izan du herritarren artean"
Begoña Zubimendik hortz klinika zabaldu berri du Iurretan. Herritarren aldetik harrera ona izan duela azaldu du. Hala ere, hasierako tramite guztiak zailak izan direla gogora ekarri du. Maria Jesus Ormaetxeari eta Behargintzako talde osoari eskerrak eman dizkio eskainitako laguntzarengatik. Laguntza ekonomiko gehiago izatea garrantzitsutzat jotzen du Zubimendik.
- Beretek (Sandra Lopéz):
"Gizarteak besteentzat jarduteko prestatzen du"
Arkitektura teknikoko estudioa jarri du martxan Sandra Lopezek. Autonomo egitearen zailtasunak ezagutu ditu. Gizarteak besteentzat jarduteko prestatzen zaituela dio Beretek estudioaren sortzaileak, baina gaur egun modu horretan zaila dela lana aurkitzea. "Bidali nituen curriculumak paperontzira joan ziren zuzenean". Norberaren kabuz ekiterakoan Behargintzaren aldetik laguntza handia jaso duela nabarmendu du.
- Sticky Sould (Jesús Javier Martin eta José Manuel Sánchez):
"Nazioartean ere saltzen dugu, AEBn esaterako"
Enpresa bitxia zabaldu dute Jesús Javier Martinek eta José Manuel Sanchezek: Gitarren pertsonalizazioa lantzen dute. Abiatu duten jarduera, orokorrean, mundu guztiak gustuko duela diote: AEB, India, Tailandia eta Europara heldu dira. Hazten joateko asmoa dute, gainera. Azaldu dutenez, "oro har, jendeak gurago du besteentzat lan egin, eta 8 orduak pasatzean lanarekin ahaztu. Beraz, adorea!"
- Zu Zeu (Ziortza Jaio):
"Gizonentzako arropa saltzea gurako genuke"
Neurri handiko arropak saltzen dituzte Zu Zeu dendan. Neskentzako arropak saltzen dituzten arren, gizonezkoentzakoa saltzekotan dira. Gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean, denda egunero zabaltzea lorpen handia dela dio Jaiok. Enpresa bat martxan jartzean Behargintzak ematen duen laguntza beste alor batzuetan eskaintzea botatzen du faltan: laguntza ekonomikoak, udalaren laguntza...
- Uribarri asesores
(Gema Vidal, Joseba Arkarazo, Amaia Barrenetxea, Inés Amezaga):"Behargintzaren lana oso erabilgarria da"
Aholkularitza fiskala, kontablea eta laborala eskaintzen dute Uribarrin. Enpresaren lehentasuna bezeroa mimatzea da: "Bera bere negozioaz arduratzea gura dugu, horren kudeaketaren konfiantza osoa guri utzita". Ekintzaileei zuzendutako babes ekonomikoa ez dela nahikoa uste dute bai diru-laguntzen, bai bankuen aldetik. Era berean, Behargintzan azaldutakoa oso erabilgarri egin zaiela diote.
- Disei Media (Begoña Goitia):
"Hasiera espero baino hobea izan da"
Disei Media komunikaziora eta publizitatera bideratua dago: diseinu grafikoa, argazkigintza, bideoa eta Internet. Hasiera espero baino hobea izan dela azaldu du Begoña Goitia proiektuaren sustatzaileetako batek. "Hainbat proiektu ditugu martxan". Behargintzaren lana oso profesionala eta positiboa izan den arren, burokraziaren bidea ez dela erraza izan dio Goitiak.
- Gorroño Hortz Klinika (Nahia Gorroño):
"Gertuko tratua eta berrikuntzak dira giltza"
Nahia Gorroñok hortz klinika zabaldu zuen joan zen irailean. Gertuko tratua eta odontologia arloko azken berrikuntzak eskaintzea arrakastaren giltzak direla dio Gorroñok. "Harro sentiarazten nau, eta egindako ahaleginak merezi izan duela esan gura du horrek". Sei hilabeteko epearen ondoren, proiektu ugari ditu esku artean, beraz, hazten joateko asmoa du.