Ardoari dagokionez, eskaintza zabala izango da azokaren zazpigarren aldian. Hainbat upategitatik ekarritako 100 ardo beltz, zuri eta apartsu dastatzeko aukera eskainiko dute. Gainera, Itsasmendi eta Mendraka txakolindegien produktuak nabarmendu ditu antolakuntzak.
Euskal txerria dastagai
Aurtengo edizioko nobedadeetako bat euskal txerriaren produktuak izango dira. Txorizoa, solomoa eta urdaiazpikoa momentuan bertan moztuta banatuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "bertako txerri arraza bi galdu egin dira, eta arraza hau ezagutzera ematea da asmoa".
Dastaketak egiten diren espazioan, Durangoko Ai Ama tabernakoek gin-tonicaren sekretuak argituko dituzte. Hainbat ginebra eta tonika motakin esperimentatuko dute, eta espeziakin nahasten ere irakatsiko dute.
Beste berrikuntzetako bat Valderramak arbekina olibekin osatutako olioa izango da. "Obamak ere erosten du olio hori", azaldu du Iñaki Uribe Saltsan Caterineko arduradunak.
Sarrerak 15 euro balio ditu. Bertaratzen direnek, dastaketarako kita jasoko dute: eskura izango dute kopa, triptiko informatiboa eta ardoen zerrenda dagokien salneurriekin. Delicatessen produktuak eta momentuan bertan prestatutako miniatura-sukaldaritzako jakiak txartelen bidez erosi ahal izango dira.
Antolatzaileek diotenez, proiektu honen berezitasunak ardoa, miniatura-sukaldaritza, delicatessen produktuak, olioa eta kafea uztartzea, bertan produktuak erosteko aukera eskaintzea, eta kalitatezko produktuak biltzea dira.
Aurten ere, Durangoko Turismo Bulegoarekin batera Ardo Saltsan programa turistikoa osatu dute. Pakete berean, ostatua, gosaria, azokako sarrera eta Durangotik bisita gidatua bildu dituzte.