Telefonia eta hornigaiekin lotutako kexak nagusi KIUB zerbitzuan

Anboto 2014ko martxoaren 11

Durangoko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) milako bat kexa batu ditu 2013an; 2012an baino 151 erreklamazio gehiago. Horrela jakin eragin dute Durangoko Amankomunazgoko ordezkariek. Kexa gehienak telefoniagaz (telefonia finko eta mugikorra), hornigaiekin oro har eta bankuekin izan dute lotura.

 

Aipatutako erreklamazio horiez gain, kontsumitzailearen informaziorako zerbitzuak 1.028 (2012an, 745 izan ziren) kontsultari erantzun zien (aurrez aurre, telefonoz edota helbide elektronikoaren bitartez) eta 118 erreklamazio-orri aurkeztu zituen; iaz 116 izan ziren. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailera bideratu zituzten guztiak, eta bertan tramitatu izan dituzte.

Durangaldako Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitiak azaldu dutenez, "Eroski eta Fagorren mendeko ekarpenekin lotutako kontsultak gehitu dira; baita zoru- eta sabai-klausulak deritzanekin  lotutakoak". Bestalde,  posta elektronikoz bideratutako kontsultak gehitu direla ere argitu du.

Durangoko KIUB-ek 2013an egindako lana modu "oso positiboan" baloratu dute arduardunek. Izan ere, arduraduneka azaldu dutenez, datuen arabera eta Bizkaiko KIUBekin alderatuta Durangokoa bigarren tokian dago, Bilbokoaren atzetik.

 

Kexa gehienak telefoniagaz lotutakoak

Aurretik gertatu izan den moduan, telekomunikazio (%45,1) eta hornigaiekin (%15,4) lotutako kexak izan dira gehienak. Eramangarritasun eskariak tramitatzerako orduan izandako intzidentziek eta fakturazio arazoek eragindako kexak izan dira nagusi lehenengo kasuan; telefonia finko zein mugikorrean. "Hala ere, mugikorren kasuan, prezio ezartze gehigarria dakarten zerbitzuak aktibatzeagatik edota Premium mezuak deritzenengatik izan dira kexa gehienak; erabiltzaileek modu inkontzientean martxan jartzen dituzten zerbitzuak dira horiek, eta faktura oso altuak dira horren ondorio", nabarmendu du Zarrabeitiak.

Argiaren, gasaren eta uraren zerbitzuei dagokie hornigaiekin lotutako kexak. Horiekin lotutako "sekulako fakturek" eragin dituzte erreklamazioak; baita denbora tarte luzean fakturarik ez luzatzea eta baimenik barik egindako konpainia aldaketak ere.

Gainerako erreklamazioen artean daude banketxeekin lotutako kexak (%13,6). Esanguratsua da arriskutsuak deritzen produktu finantzarioekin eta hipoteken zoru-eta sabai klausuleki lotutako kexa kopurua. Bidaiekin (%6,5), aseguruekin (%3,7) eta internet bitartez egindako erosketekin (%3,3) lotutako kexak be egon dira. Atzetik daude etxebizitzagaz (%1,6) edo ibilgailuekin (%1,5) lotutakoak, besteak beste.

 

Durangarrak (597) izan dira batez ere KIUB-era hurreratutakoak, baina, Abadiño (167), Elorrio (64), Berriz (58), Iurreta (52, Zaldibar (34), Atxondo (22), Izurzta (3), Garai (2) eta Mañariatik (1) ere hurbildu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!