"Prestatzen hasi aurretik suhiltzaile izatea ia ezinezko zerbait zela uste nuen"

Anboto 2014ko mar. 9a, 09:00

Ruiz de Agirre Larreategi Erromokoa da eta 35 urte ditu.
Biologia ikasi eta laborategian orduak sartzetik suhiltzaile etxera egin zuen salto 2010ean Eider Ruiz de Agirre Larreategik. Iurretako suhiltzaile etxean dabil ordutik hona lanean. Behar honetan dabilen emakume bakarrenetakoa da: “Ea apurka-apurka emakume gehiago animatzen diren”.

 

Zelan animatu zinen suhiltzaile sartzera?

Ni biologoa naiz berez, tesia egiten ibili nintzen, eta beka batekin laborategian mila ordu ematen nituen. Baina, bestalde, asko gustatzen zitzaidan, esaterako, surf egitea, kanpoan egotea eta kirola egitea, eta ez nuen ia denborarik horretarako. Lan finkorik ere ez, eta suhiltzaile izan ahal nintzela pentsatu nuen. 2007an egin nituen lehenengo oposizioak, probatzeko, eta 2009ko Bizkaiko oposizioetan sartu nintzen lan poltsan.

 

Suhiltzaile sartzeko probek gogor fama daukate. 

Maila fisiko minimo bat behar da, baina gehiegi eskatu izan da, nire ustez. Aurten, oposizioetan proba fisikoen maila jaitsi egin da. 2009ra arte probak oso gogorrak izan dira; nire ustez, gogorregiak. Badago proba bat etzanda egon, eta pisuak altxatzearena: oso gogorra. Uste dut hori dela txarrena. Lesioak eta guzti egon ziren.

 

Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunak ika-mikak sortu izan ditu arlo horretan. Zer iritzi duzu?

Nahiko gai delikatua da. Nik beti pentsatu izan dut oreka bat lortu behar dela. Nire ustez, oreka izango litzateke neskek eta mutilek minimo berberak izatea, eta hortik aurrera baremoak desberdinak izatea. Eta probak ez izatea 2009an bezain gogorrak. Bestela, zuzenean esatea dute neskak ezin direla suhiltzaile izan. Urtez urte proben gogortasuna handitzen joan izan dira, eta neskentzako zein mutilentzako oso gogorrak ziren. Azkenengoetan maila dezente bajatu da. Hor eragina izan du emakumeen berdintasuna lortzeko bidean aldaketak egin guran ibiltzeak. Denborarekin,  lortuko da oreka. 

 

Emakume gutxi animatzen da suhiltzaile izatera. Probak eurak dira horren arrazoi nagusi?

Maila fisiko handiko neska kirolari batzuk ezagutzen ditut, eta probetako maila erraz gaindituko luketenak. Ez dakit. Ni neu prestatzen hasi aurretik ere ikusten nuen suhiltzaileena zerbait gaitza dela, lortzeko ia ezinezkoa. Hori buruan neukan, eta imajinatzen dut, orokorrean, beste emakumeek ere edukiko dutela buruan, baina probatu beharrean, pauso hori eman barik geratzen direla. Batzuetan amorrua ematen dit, badakidalako gai den jendea dagoela. Ea apurka-apurka neska gehiago sartzen diren.

 

Fisikoaz gainera, psikologikoki ere lan gogorra da zuena.

Bai, batez ere, auto istripuetan hildakoak daudenean. Esaten dute gogorrena umeak daudenean dela, eta bai, hori oso gogorra izango da. Nik oraindik esperientzia gutxi daukat. Auto istripu batzuk tokatu izan zaizkit, eta sute handi batean ibili naiz. Bai, estres egoera horietan lasaitasun puntua mantentzea beharrezkoa da.

 

Sute handi bat esan duzu. Non izan zen? 

Basaurin izan zen, eta gu hango suhiltzaileei laguntzera joan ginen. Beste kamioiei ura hornitzea tokatu zitzaidan. Lehenengo aldia zen horrelako egoera batean nengoela, eta kaosa ez zen izan, baina suhiltzaile pilo bat zebilen lanean. Koordinatzaileen lana garrantzitsua da horrelakoetan. Esan nuen: “Hau da suhiltzaileen benetako lana!”  

 

Lehiaketa baterako prestatzen zabiltzate orain. Zeinetarako?

Estatu mailan auto istripuen erreskateen txapelketa antolatzen da, eta finalera heltzeko, Bizkaia mailan lehiaketa egiten da. Aurten apirilaren 9an eta 10ean egingo da Iurretan. Bizkaiko suhiltzaile etxeetako hainbat talde egongo gara. Bilbokoak ere badatozela uste dut. 

 

Entrenatzeko modu bat da, ezta?

Bai. Gure lanean hobetzeko eta motibatzeko balio digu. Azkenean, zenbat eta gehiago ohitu horrelako gauzak egitera, benetan gertatzen direnean hobeto irtengo direla imajinatzen dut. Gauza berriak ere ikasten dituzu. Iaz ni ez nintzen taldean egon, baina lankideei laguntzera joan nintzen, eta, esaterako, beste herri batzuetan lan zelan egiten duten ikusten duzu, eta hainbat lan tresna berri ere bai. 

 

Zerk engantxatzen du lan honetan?

Pertsonen bizitza arriskuan dagoenean, arriskutik ateratze horrek. Gure lanak beste bati laguntzeko balio duela ikustea, hori da lanak duen politena.  

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!