"Abortuaren legea emakumeon gorputza kontrolatzeko beste neurri bat da”

Anboto 2014ko mar. 8a, 09:00

Nerea Lersundi eta Mireia Delgado, Txoko Feminista eta Bilgune Feministako kideak, hurrenez hurren.
Nerea Lersundi eta Mireia Delgado feministek abortuaren lege erreforma kritikatu dute

 

Martxoaren 8a da bihar, Emakumeen Nazioarteko Eguna.  Ospakizunetatik harago, mobilizaziorako eguna izan ohi da, eta aurten protestarako arrazoi berri bat edukiko dute feministek: Espainiako abortuaren legearen erreforma. Mariano Rajoyren gobernuak 2010eko legea aldatu nahi du, eta abortatzeko eskubidea bi kasutarako bakarrik baimendu: emakumearen osasuna arrisku larrian dagoenerako eta bortxaketa baten biktima izan denerako. Lehenengo kasuan, abortua praktikatuko den zentroaz kanpoko mediku bik egiaztatu beharko dute arriskua; bigarrenean, bortxaketagatik salaketa ipini izana ezinbestekoa izango da. Gainerako kasu guztiak delitu izango dira: medikuentzat zigorra penala izango da, eta emakumeentzat administratiboa.

"Eskubideez, sexualitateaz, beste mundu bati buruz berbetan geunden. Eta honegaz datoz orain?". Mireia Delgado, Durangoko Bilgune Feministako kidearen berbak dira. Bere ustez, atzerakada dakar erreforma asmoak, nahiz eta lortuta zegoena “panazea” izan ez: "Manifestazioetan orain 40 urteko lelo berdinak abesten dira". Emakumeen erabakitzeko eskubidea azpiratzen dela dio: "Mundu guztiak eman ahal du iritzia, emakumeak izan ezik". Abortuaren legearen erreforma, isolatuta barik, estrategia orokor batean kokatu du Delgadok. "Emakumeon gorputza kontrolatzeko beste neurri bat da. Emakumeon ugalketa gaitasuna kontrolatzen dute, sexualitatea, familia eredua, zer dagoen ondo eta zer txarto". 

Delgadoren iritziz, debekuen ordez, beharrezkoa da sexualitatea beste era batera bizitzea. "Zergatik ez da hezkuntza indartzen, eta emakumeok euren gorputzaren jabe izan daitezen lan egiten?". 

Bilgune Feministako kideak dio sistema patriarkala "sukalderaino" sartzen dela konturatu orduko, eta kontuz ibili behar dela "sasi-berdintasunareki". Iritzi berekoa da Elorrioko Txoko Feministako Nerea Lersundi: "Berdintasun horretan bizi garela saltzen digute, eta 2014an eskubideak lortzeko borrokan gabiltza"; izan ere, bere ustez, hainbat balio daude lege erreformaren atzean. "Zer dago erabaki honen guztiaren atzean? Abortua saihestea bakarrik ez behintzat. Eskuman ideia bat dago, eta horrek hor jarraituko du erreforma onartu edo ez. Debatea bera ez delako abortua, emakumea baizik". 

Horren aurrean, pertsona guztien borroka eta kritiko izatea aldarrikatu ditu Lersundik: "Kritikoak izan behar dugu jasotzen dugunarekin, eta eskemak deseraiki". Lan feministak ideiak astintzeko funtzioa betetzen duela uste du, eta lan horren balio pertsonala ere azpimarratu du.

Andereak elkartearen deia

Durangoko Andereak elkarteak ere erantzuteko deia egin du. Erreforma "atzerapauso itzela" dela dio, eta "gutxiengoaren morala gizarte osoari inposatzea" dakarrela. Osasun publikoan arazo larria eragingo duela uste du: "Debekuak debeku, beste garai batzuetan lez, haurdunaldia eten nahi duen emakumeak eten egingo du, baldintzak edozein izanda ere, eta abortu klandestinoek gora egingo dute". Ondorio larrienak, baliabide gutxien dutenentzat dira: "Dirudunek ez dute arazorik edukiko ondo ordaindutako Londresko klinika pribatuetan abortatzeko". 

Abortatzea emakumeen eskubidea dela dio elkarteak, eta librea, doakoa eta kode penaletik kanpokoa izan behar dela.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!