Elorrion egun osorako egitaraua prestatu dute Lajwad elkartekoek, Txintxirri ikastolak eta institutuak. Goizean Txintxirri ikastolan Saharako musika edukiko dute, eta erakusketa ere ipiniko dute. Gainera, Tindufeko (Aljeria) Amgala herrian elorriarrek daukaten proiektuaz berba egingo dute han izan diren ikasle batzuek. Arratsaldean, ikastolak, institutuak eta Lajwad elkartekoek hainbat ekintza garatuko dituzte plazan. 17:00etatik 19:00etara bitartean, te dastaketa, merkatu txikia eta erakusketa eskainiko dituzte, esate baterako.
Bestalde, Otxandion Saharako bandera eskegita egongo da udaletxean egun osoan zehar. Udaleko ordezkariek gogoratu dute Mendebaldeko Saharako lurraldearen heren bi okupatuta daudela, eta herritarren oinarrizko eskubideak "etengabe" urratzen direla, "nazioarteko begiraleen pasibotasuna areagotzen den era berean areagotzen direlarik". Lurraldeko baliabide naturalak "legez kanpo" ustiatzen direla kritikatu dute, eta "Europar Batasunaren konplizitateagaz" egiten dela.